Galderak
 

Galdetu: Erantzungo dizugu - 2. galdera

 

2.- Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuaren 48.1k) artikuluan 6 egun ezarri dira norberaren eginbeharretarako baimen gisa. Aplikatzekoa da hori Udalhitz onartu duten toki erakundeen kasuan?


Ez. Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuaren 48.1 artikuluan zenbait baimen ezartzen dira, besteak beste, sei egun norberaren eginbeharretarako, baina legeria aplikagarririk izan ezean ezarri dira. Beraz, aplikagarria da Euskal Funtzio Publikoaren Legea (70. artikulua eta hurrengoa), eta lege horretan ez da kasu hori aurreikusten, baldin eta, 70.4 artikuluarekin bat etorrita, Euskal Administrazio Publikoek, dagozkien eremuetan, funtzionarioen ordezkariekin, artikulu horren bigarren puntuan ezarritako kasuez kanpoko kasuetan, ordaindutako baimenak ematea erabaki ez badute, eta, hala dagokionean, kasu horietarako arauz ezarritako baldintzak baino onuragarriagoak edo epe handiagoak ezarri ez badituzte. Horren harian, Udalhitz akordioan 2 egun errekuperatzekoak eta 2 egun ez errekuperatzekoak ezarri dira; beraz, ez da aplikagarria Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuaren 48.1 artikuluan ezarritako 6 eguneko baimena.

Legegileak xedapen hori berehala aplikatzekoa izatea nahi izan balu, seigarren hirurtekoa betetzeagatik ezarritako egun gehigarrietarako kasuan dagoen bezala egongo zatekeen idatzita. Bestetik, kontuan izan behar da 6 egun gehigarri horiek "moscosos" deritzonak direla, Estatuko Administrazioan lehendik ere aplikatzen zirenak, baina Administrazio horretan, bestetik, lanaldi handiagoa dute, 1.647 ordu urtean, hain zuzen ere. Bestela esanda, Estatuan lanaldiari 6 baimen egun (moscosos) kentzen zaizkio, eta Udalhitzeko urteko 1.592 orduak baino zerbait gehiago geratzen dira. Horrexegatik da garrantzitsua kontuan izatea legeak nola sortu diren eta zein testuingururi erantzuten dieten (jakina, ez du inolaz ere kontuan izan gure errealitatea -Udalhitz-). Beste alde batetik, Udalhitzeko 5. artikuluan argi eta garbi azaltzen da bertan hitzartutako baldintzek osotasun organiko bat osatzen dutela, eta benetan aplikatzeko orduan, baldintza horiek, guztiek, osotasunari lotuta hartuko dira kontuan; horrela, bada, ezin izango dira berriz negoziatu, aldatu, aldez berkontsideratu edo aldez kontuan hartu, testuingurutik bereizita; ezin izango dira artikulu jakin batzuk bakarrik aplikatu, gainontzekoak alde batera utzita, hau da, kasu guztietan osotasunean aplikatu eta bete beharko da.


Argumentu hori indartzeko, esan beharra dago Estatuko Administrazio Orokorrak, Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutua aplikatzeko 2007ko ekainaren 5eko Instrukzioak argitaratzen dituen 2007ko ekainaren 21eko Ebazpenean (2007ko ekainaren 23ko BOE), eta, zehatzago esateko, baimen eta oporrei buruzko 7. Instrukzioan (48-51. artikuluak), zeinetan esaten baita langile funtzionarioekin eta lan-kontratudun langileekin bat datozen baimenen kasu berri hauek gehitzen direla, ez duela inondik ere aipatzen LPOEren 48.1 k artikuluan araututakoa, hau da, norberaren gaietarako 6 egunen baimena. Horrek berresten du egun horiek "moskosoak" deitutakoak direla. Egun horiek aitortuta zeuden Estatuko Administrazio Orokorrean, eta, ondorioz, ez dira baimen berri bat. Horrek esan nahi du, Udalhitzekin negoziatu zenean, baimen hori existitzen zela, eta, hala ere, beste akordio baten alde egin zela -zeinak, beste alde batetik, Estatuko araudiaren arabera aplika daitezkeen eskubide sozialak baino handiagoak diren eskubideak aitortzen baititu, besteak beste, 1.592 orduko jardunaldia-. Horrek berretsi egiten du Udalhitzen 5. artikuluari buruz adierazitakoa, eta kontrako interpretazioa egiten dutenen leialtasun instituzional falta erakusten du, jurisprudentziaren arabera debekatuta dagoen aletzearen teknikan oinarrituta.



Itzuli


Plaza del Ensanche, 5 - 1º. 48009 Bilbao