Galderak
 

Galdetu: Erantzungo dizugu - 1. galdera

 

1.- Aitatasun baimenak. Langileen Oinarrizko Estatutua indarrean sartu ondoren, zein da aitatasun baimenaren epea?, desberdina da funtzionarioentzat eta lan-legepeko langileentzat?


Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutua lan-legepeko langileentzat ere aplikatzekoa da (7. artikulua), eta, beraz, Estatutuan langile horiei aplikatzekoak diren arauak derrigorrez bete beharrekoak dira eta laneko legeriaren gainetik egongo dira (Langileen Estatutua eta hitzarmen kolektiboak). Horrela, bada, aitatasun baimena 15 egunekoa izango da (Oinarrizko Estatutuaren 49.c artikulua) eta funtzionarioei eta lan-legepeko langileei aplikatzekoa izango da. Beraz, azpimarratu behar da lege testu horrek aldatu egiten duela Udalhitzen ezarritako aitatasun-baimena, 10 egun naturalekoa baitzen, bai funtzionarioentzat bai lan-legepeko langileentzat; aldaketa hori berez aplikatuko da eta ez da beharrezkoa izango udalaren akordioa Udalhitzen testuetan sartzeko.

Gizonen eta Emakumeen arteko benetako berdintasunerako 3/2007 Lege Organikoak aldatu egiten du Langileen Estatutuaren 48 bis artikulua, eta honela geratzen da: "Jaiotza, adopzio edo harrera kasuetan, langileak eskubidea izango du kontratua eteteko etengabeko hamahiru egunez (...) Langileak eskubide hori gauzatu ahal izango du seme-alabaren jaiotzagatik izan duen baimena amaitzen denetik, legez edo konbentzionalki aurreikusitako datatik, edo adopzioa eratzen duen epailearen erabakia ematen denetik edo harreraren erabaki administratibo edo judiziala ematen denetik, 48.4 artikuluan araututako kontratuaren etendura amaitu arte, edo etendura hori bukatu arte. ". Etendura epe horretan, aitatasun subsidio bat ezarri da, baldin eta 180 eguneko gutxieneko kotizazio epe bat ziurtatzen bada, etendura hori hasi aurreko zazpi urteen barruan, edo, bestela, 360 egunekoa bere lan bizitzan osoan, data hori baino lehenago.

Berdintasun Legean egindako aldaketak dakarrenaren gaineko azterketaren eta berezitasun printzipioaren ondorioz, Kode Zibilaren 3. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ondorioztatu daiteke aitatasunagatiko lan kontratuaren etendura ez dela aplikatzekoa Administrazioko lan harremanen eremuan. Izan ere, hori eginez gero, justifikaziorik gabeko tratu desberdintasuna izango litzateke funtzionarioen eta lan-legepeko langileen artean, eta horrek Udalhitzen erabakietan ezarritako langile publikoen tratu berdintasunaren oinarrizko printzipioa urratzen du erabat. Hori dela eta, ondorio hauetarako, Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren nagusitasuna aldarrikatu behar dugu. Gainera, kasu honetan eskuzabalagoa izan da, izan ere, hamabost eguneko baimena ezarri du, ordainsariak oso-osorik kobratuta eta inolako baldintzarik jarri gabe aldez aurretik gutxieneko bat kotizatuta eduki behar izateari dagokionez.

Laburbilduz, aitatasun baimena 15 egun naturalekoa da langile publiko guztientzat, funtzionario zein lan-legepeko langile izan.



Itzuli


Plaza del Ensanche, 5 - 1º. 48009 Bilbao