Galderak
 

Galdetu: Erantzungo dizugu - 30. galdera

 

30.- Lanak bukatu eta lehen erabilerako lizentzia ez bada aurkeztu:
1. Interesdunari hirigintza-legezkotasunari buruzko espedientea ireki dakioke, dagokion lehen erabilerako lizentzia eskatuz?
2. Erantzuna baiezkoa balitz, 2/2006 Legearen zein artikulu oinarri hartuta?
3. Lehen erabilerako lizentzia ez eskatzea hirigintzako arau-haustetzat jotzen da 2/2006 Legean. Eta, hala bada, zein artikulutan?
4. Interesdunak ez badu obra-bukaerako ziurtagiria ematen, eta, hortaz, ez badu lehen erabilerako lizentzia eskatzen, Udalak lizentzia hori ofizioz eman lezake? Udala behartuta egongo litzateke lizentzia ematera?


Lehen erabilerako lizentziarik ez izatea berez benazko hirigintzako arau-haustea dela ulertzen da, lizentzia hori eskatzeak eta Udalak emateak legezko egingo lukeen arau-haustea den ala ez kontuan izan gabe. Ziur aski, ildo horretan, 2/2006 Legeko 225.3. artikuluan oinarritutako zehapen-espedientea irekiko litzateke (obra-lizentzian baimendutako obrei dagokienez, egin ahal izan diren urratzeak alde batera utzita), 232. artikulua aplikagarri izango bailitzateke (232.3. artikulua, lehen erabilerako lizentzia eskaera "legezko egiteko izapideak hastea" ulertuz, Hirigintza-Diziplinaren Arautegiko lehengo 90. artikuluaren baliokidea).
Kasu horretan, legeztapeneko espedientea ezkutuko jarduera gisa has daitekeen galdetzen bada, erantzuna baiezkoa izan daiteke, 219. artikuluaren izaera literal eta irekia hartzen badugu oinarri. Baina, lizentzia eskatu ez izanak ez badu ondorio handirik izan (adibidez, obra-lizentziak baimendutako eraikina ez bada okupatu, hori eginez gero ezkutuko "erabilerak" edo "jarduerak" izango lirateke), hirigintzako legezkotasuna berriztatzeko prozedura neurriz kanpokoa izan daiteke, kontuan izanik, gainera, prozedura horrek ez duela iraungitzen arau-haustea egin duen pertsonak izan dezakeen zehapen-erantzukizuna (2/2006 Legeko 221.8. artikulua), eta zehapen-prozedura azkarragoa eta eraginkorragoa izango dela, ez dagoelako balizko legezkotzeari buruzko adierazpenik egiteko beharrik.



Itzuli


Plaza del Ensanche, 5 - 1º. 48009 Bilbao