
Datu pertsonalen babesa.Tokiko euskal administrazio publikoek gure herritarren gaineko datu pertsonal asko eta asko kudeatzen dituzte, eta nola kudeatzen duten hausnartu behar dute: inprimakien bidez informazio eskatzen dutenean (on line, telefono bidez eta idatziz), helburu jakin batzuetarako erabiltzean, toki administrazioan bertan nahiz kanpoan lagapenak edo komunikazioak egiten dituztenean, informazioa eguneratuta edukitzeko, eta, bereziki, informazioaren konfidentzialtasuna errespetatu dadin eta era seguruan gordeta egon dadin kontrolik gabeko galerarik edo ihesik gabe. Kontua da pertsonek toki administrazioengan duten konfiantza soziala ez galtzea, behin galduz gero, ez baita batere erraza berriro bereskuratzea.
EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak eta DBEB-Datuak Babesteko Euskal Bulegoak lankidetza hitzarmen bat izenpetu genuen 2005ean. Hitzarmenaren helburua da toki erakundeei laguntzea datu babesaren arloko legedia bete dezaten eta pertsonen gaineko informazioa kudeatzean jardunbide egokiez balia daitezen.
Erakunde bien arteko lankidetzaren eta hainbat euskal udaletako (Vitoria-Gasteiz, Getxo, Basauri, Ermua, Eibar eta Beasain) pertsonek egindako ekarpenen emaitza izan da EUDELek argitaratu duen EAEko toki erakundeetarako Datu Pertsonalen Babesaren Arloko Jardunbide Egokien Eskuliburua. Eskuliburu honen izaeraren oinarrian dago EAEko toki entitateen Ereduzko Arau Bilduma izatea eta nahi duten toki erakunde guztiek izango dute eskuliburuari atxikitzeko aukera. Era berean, eskuliburuak kudeaketarako praktikak, inprimakiak, agirien ereduak eta maiz egiten diren galderentzako erantzunak proposatzen eta eskaintzen ditu.
EUDELek, Batzorde Agintariaren 2008ko martxoaren 13ko batzarrean, Datuak Babesteari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko toki erakundeentzako Jardunbide Onen Eskuliburua onartu zuen, bai eta Datuak Babesteko Euskal Agentziaren esku uztea ere, Euskadiko Datuak Babesteko Erregistroan Eredu legez inskribatzeko ere.