Antolaketa eta iharduera-araudia
1. KAPITULUA. ELKARTEA ETA BAZKIDEAK
1. artikulua.
- Euskadiko Udalen Elkartea-Asociación de Municipios Vascos izena duen elkartea -aurrerakoan Euskadiko Udalen Elkartea-, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen eraginpean dago, eta bere Estatutuetan aurreikusitako helburuak lortzeko borondatez bat egiten duten udalerri guztiek osatzen dute. Bere jarduera Euskal Herrian gauzatzen du batez ere.
- Elkartea bere Estatutuen eta Gobernu Organoek hartutako erabakien arabera arautuko da, eta, modu osagarrian, lehen adierazitako 7/2007 Legearen eta hura garatzeko onartzen diren erregelamenduzko xedapenen arabera.
- Araudi honetan eta Batzar Orokorrak, bere kasuan, hartzen dituen erabakietan ezartzen diren izaera eta eraginak izanik, bazkideak dira, halaber, udalerri bazkideek parte hartzen duten edo bertan barne-egitura duten udalerriz gaindiko eta azpiko erakundeak, Elkarteari atxikitzea erabakitzen badute.
2. artikulua.
- Elkarteari atxiki nahi zaizkion toki-erakundeek idazki baten bidez eskatuko dute, horrekin batera dagokion udalbatza-erabakiaren ziurtagiria aurkeztuta.
- Eskaera jasotakoan, eta hura formal bihurtzeko, eskaera hori Batzorde Eragilearen lehen bilkuran aurkeztuko da. Bertan, Batzorde horrek eskatzailea toki-erakundea dela egiaztatuko du, baita bazkide osoa dela deklaratu ere, eskatzailea udalerria bada; bazkide laguntzailea dela deklaratuko du, 1. artikuluko 3. idatz-zatian adierazitako erakundeetako bat bada.
3. artikulua.
1. artikuluko 1. idatz-zatiari dagokionez, udalbatzak erabakitzen duen unetik emango da gauzatutzat atxikimendua. Halaber, 1. artikuluko 3. idatz-zatian adierazitako toki-erakundeei dagokienez, estatutuz edo legez dagokion organoak erabakitzen duenean emango da gauzatutzat atxikimendua..
4. artikulua.
- Bazkide osoek Udalaren alkate-lehendakariaren bitartez edo hark hartarako izendatzen duen udalkidearen bitartez esku hartuko dute Elkartean. Halaber, bazkide laguntzaileek beren lehendakariaren bitartez esku hartuko dute.
- Bazkideak bere lehendakariaren bitartez esku hartzen ez duenean, lehendakari horrek hartarako izendatutako udalkideak udalbatzaren idazkariak egindako ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, izendapena egin den ebazpenari dagokionez, lehendakariak izendatu duela argi eta garbi agerrarazteko.
5. artikulua.
- Elkartearen helbide soziala Gasteizeko Manuel Iradier kaleko 7. zenbakiko 2. solairuan dago. Dena den, Elkartearen kide anitzeko organoen bilkurak EAEko edozein lekutan egin ahal izango dira.
- Aurreko idatz-zatiari dagokionez, kide anitzeko organoen bilkurak egiteko, bazkideek beren bulegoak erabiltzen utzi behar diote Elkarteari.
2. KAPITULUA. ORGANOAK ORO HAR.
6. artikulua.
- Elkartearen organoak honako hauek dira: Batzar Orokorra, Batzorde Eragilea eta Lurralde Batzordeak.
- Aurrekoek erabaki beharreko gaiak aztertzeko eta horiei buruzko txostenak egiteko, organo osagarriak sortu ahal izango dira, betiere Araudi honetan ezarritakoari jarraiki.
Batzar Orokorra
7. artikulua.
Batzar Orokorraren ardura da:
- Estatutuak onartu eta aldatzea.
- Batzorde Eragilearen ordezkariak aukeratzea eta haien kudeaketa kontrolatzea.
- Urteko Jardun Plana onartzea.
- Aurrekontuak eta Kontu Orokorrak onartzea.
- Barne Araudia onartzea.
- Elkartea desegitea.
- Estatutuetako 9. artikuluko b) atalean aurreikusitako kasuan bazkideari bertan baja ematea.
- Lege edo Estatutuen arabera dagozkion beste ardura guztiak.
- Dedikazio-erregimenean dauden gobernu-organoetako ordezkarien ordainsariak onartzea
8. artikulua.
- Batzar Orokorra ohiko eta ez-ohiko bilkuren arabera dihardu.
- Batzarrak urtean behin egiten du ohiko bilkura; ez-ohikoa, berriz, Batzorde Eragileak egoki deritzon guztietan eta kide osoen bostenak edota beren botoez kide guztien botoen bostena lor dezaketen kideen kopuru jakin batek eskatuta.
- Bilkuretarako deialdiak hilabeteko aurrerapenaz egingo dira gutxienez.
- Ohikoa edo ez-ohikoa dela ere, Batzarra indar osoz eratzeko, lehenengo deialdian kide osoen gehiengoa bertaratzea izango da beharrezkoa; ordu erdi geroago, bigarren deialdian, bertaratutakoen kopurua edozein izanik ere egingo da.
9. artikulua.
- Nola Ohiko Batzarrerako hala Ez Ohiko Batzarrerako, deialdiarekin batera, landuko diren Gaien Zerrenda aurkeztuko da, betiere Batzorde Eragileak onartuta. Bertan, nahitaez bildu beharko da gutxienez bazkide osoen bostenak edo beren botoez bazkide guztien botoen bostena lor dezaketen bazkideen kopuru jakin batek eskatutako edozein gai, betiere Elkartearen helburuei badagokie. Batzarra egin baino lehen, halaber, bertan landuko diren gaiei buruzko dokumentazioa helaraziko zaie bazkideei.
- Batzarrak Gai Zerrendako gai guztiak aztertu eta erabakiko ditu.
10. artikulua.
- Gaiak, lehendabizi, eztabaidatu egingo dira, eta, ondoren, botatu egingo dira.
- Ez da onartuko bazkideek beren botoak beste bazkide batzuen esku uzterik.
11. artikulua.
- Lehendakariak proposatuta, Batzarrak gai jakin bat gai-zerrendaren arabera zegokiokeen unean ez aztertzea erabaki ahal izango du, baina betiere bilkura horretan aztertu beharko da.
- Eztabaidari ekingo zaio norbaitek hitz egiteko txanda eskatzen badu, baita, hitz egiteko txandarik eskatu gabe, boto partikularrak eman edo zuzenketak egiten direnean. Orduan, boto hori edo zuzenketa hori egin duenak eusten diela edo bertan behera uzten dituela adieraz dezake, besterik gabe.
12. artikulua.
8.2 artikuluari jarraiki bazkideek Batzar Orokorraren bilkura egitea eskatzen dutenean, lehendakariak eskaera jaso eta hilabeteko epean hartarako deialdia egingo du.
13. artikulua.
- Hauteskundeei buruzko berariazko arauak bazter utzi gabe, erabakiak botazio arrunt bidez hartuko dira, betiere kasu jakin baterako Batzarrak izenezko botazioa egitea erabakitzen ez badu. Botazio arrunta bazkide guztiek batera eskua altxatuz egiten da. Izenezko botazioan, berriz, idazkariak banan-banan galdetzen die bertaratuei eta haiek bai ala ez erantzuten dute.
- Gai bat aztertzen hasitakoan, kideren bat bertan ez badago, dagokion botazioan, kide horren abstentzioa zenbatuko da.
14. artikulua.
Batzarrak, oro har, emandako gehiengo soilez hartzen ditu erabakiak. Gehiengo soila emandako baiezko botoak ezezkoak baino gehiago direnean izaten da. Botazioetan berdinketa gertatzen bada, beste botazio bat egingo da, eta, berriz ere berdinketa gertatzen bada, lehendakariaren botoari dagokion aukera onartuko da.
15. artikulua.
- Emandako botoen lau bosten behar dira Elkartea desegitea erabakitzeko.
- Emandako botoen bi heren behar dira Estatutuak aldatzea erabakitzeko.
16. artikulua.
Batzarrean bazkide oso bakoitzak izango dituen botoak honako eskala honen araberakoak dira:
2.500 biztanlerainoko udalerriak: boto 1.
2.501etik 5.000 biztanlerainokoak: 3 boto.
5.001etik 10.000 biztanlerainokoak: 5 boto.
10.001etik 20.000 biztanlerainokoak: 10 boto.
20.001etik 50.000 biztanlerainokoak: 15 boto.
50.001etik 100.000 biztanlerainokoak: 20 boto.
100.001etik 200.000 biztanlerainokoak: 25 boto.
200.000 biztanletik gorakoak: 30 boto.
17. artikulua.
Batzarra indar osoz eratutakoan, honako arau hauei jarraiki funtzionatuko du:
- Lehendakariak bilkurari hasiera eman ondoren, Gai Zerrendako dagokion puntua eta Erabaki-proposamena irakurriko da. Hala badagokio, boto partikularrak eta zuzenketak ere irakurriko dira.
- Aurreko dokumentuak irakurri ondoren, lehendakariak eztabaida irekitzat emango du, eta, inork hitz egiteko txandarik eskatzen ez badu, gaiak aho batez onartutzat emango dira. Norbaitek txanda eskatzen badu, proposamena sinatu duena edo hark adierazitako ordezkaria hasiko da hitz egiten, eta, ondoren, hitz egitea eskatu duten zuzenketa-proposatzaileek hitz egingo dute; segidan, hitz egiteko txanda eskatu duten gainerakoek, betiere txanda eskatu duten ordenari jarraiki; lehendakariak, halaber, erantzuteko eta berrerantzuteko txandak eman ahal izango ditu, baita aipamenengatik hitz egiteko txanda ere. Bakoitzak ez du hamar minutu baino gehiago hitz egingo. Lehendakariak baino ezin izango dio moztu hizketan ari denari, eta honako arrazoi hauengatik: hitz egiteko denbora gainditu duelako, eztabaidatzen ari den gaiari buruz ari ez delako, onartu edo eztabaidatu den gai bati berriz ekin diolako, edo ohartarazi behar zaiolako.
- Lehendakariak eztabaida bukatutzat eman ahal izango du gai horri buruz nahikoa eztabaidatu dela deritzonean. Halaber, betiere bere irizpide zuhurraren arabera, Batzarraren ebazpena gehiegi luzatzen ari diren gorabeherak erabaki ahal izango ditu.
- Eztabaida amaitu eta boto partikularrak nahiz zuzenketak botatu ondoren, lehendakariak botazioaren nondik norakoak eta botoa nola emango den azalduko du, labur eta argi, eta botazioari ekingo zaio.
18. artikulua.
Bertaratutakoren batek araudia urratzen duenean edo erakunde Publikoak iraindu edo horien izen onari eraso egiten dionean, lehendakariak ohartarazi ahal izango du, baita hitz egiteko txanda kendu ere.
19. artikulua.
Idazkariak bilkura bakoitzaren akta egingo du, bertan honako alderdi hauek bilduta:
- Bilera egin den tokia, udalerriaren izena eta bilera egin den lokala adierazita.
- Eguna, hilabetea eta urtea.
- Bilera hasi den ordua.
- Lehendakariaren eta bertaratu diren beste guztien izen-abizenak, kargua eta udalerria, eta ezin bertaratu izana adierazi duten bazkideen aipamena.
- Bilkura ohikoa edo ez-ohikoa den eta lehen edo bigarren deialdian egin den.
- Zuzendaria eta idazkaria ala haien ordezkoak bertaratu diren.
- Aztertutako gaiak eta gai horiei buruz hartutako erabakiaren xedapenezko partea.
- Egiaztatutako botazioak.
- Bertaratutakoen iritzien eta arrazoien laburpena eta boto partikularrak, betiere irizpideak bateratzea lortu ez eta interesdunek eskatzen badute.
- Ekitaldian gertatzen den gorabehera oro, betiere idazkariaren iritziz, gordetzeko modukoak badira.
- Lehendakariak bilkura amaitutzat eman duen ordua.
20. artikulua.
- Bilkura bakoitzaren hasieran, idazkariak aurreko aktaren zirriborroa irakurriko du, eta, inork ados ez dagoela adierazten ez badu, onartutzat emango da.
- Hartutako erabakietan parte hartu zuten kideetakoren baten iritziz puntu jakiren baten idazketak landu edo erabakitakoari buruzko zalantzak sortzen baditu, argi dadin eskatu ahal izango dio lehendakariari, edo, egokitzat jotzen bada, berriz idatziko da aktan akats materialak edo izatezkoak zuzenduta, betiere hartutako erabakien funtsa aldatu gabe. Aldaketa zirriborroaren marjinan idatziko da.
- Akta bakoitzean aurrekoa irakurri eta onartu dela jasotzean, egindako ohar edo zuzenketak bilduko dira, aurreko paragrafoari jarraiki.
Batzorde Eragilea
21. artikulua.
- Batzorde Eragilea bazkide osoen ordezkarien artetik izendatutako lehendakari batek, bi lehendakariordek eta hamabi kidek osatuko dute.
- Zerrenda itxikien sistemaren arabera hautatuko dira.
- Zerrenden artean hauteskunde-kozienteko eta hondar handieneko sistemaren bidez proportzioz banatuta esleituko dira postuak.
- Hutsik geratzen diren postuak, bere kasuan, hutsik geratutako postuari dagokion zerrendako hurrengoak edo hurrengoek beteko dituzte.
- Lehendakaria boto gehien lortu dituen zerrendako burua izango da. Emandako botoen % 15 gutxienez lortu duten 2. eta 3. zerrendetako buruak izango dira, hurrenez hurren, 1. eta 2. lehendakariordeak. Bestela, botoen % 15 baino gehiago lortu dituzten zerrendetatik hautatuko dira lehendakariordeak.
- Aurrekoa gorabehera, boto guztien lau bosten lortzen duen edozein hautagai-zerrendako kideak hautatuko dira; horri dagokionez, zerrendaburua lehendakari izendatuko dute; 1. eta 2. lehendakariordeak, berriz, zerrenda horretako bigarren eta hirugarren pertsonak izango dira.
22. artikulua.
Udalak legezko agintaldia betetzean berritzen direnean berrituko da Batzorde Eragilea. Hartarako, Batzar Orokorrerako deialdia egingo da, betiere gehienez bi hilabeteko epean. Dena den, administrazio arrunterako, batzorde Eragileko ordezkariek beren eginkizunei eutsiko diete ordezten dituzten arte; hala ere, ezin izango dute gehiengo kualifikatua eskatzen duen erabakirik hartu.
Halaber, karguren bat hutsik geratzen bada, dagokien zerrendetako hurrengoek beteko dituzte.
23. artikulua.
Batzorde Eragilea lehendakariak erabakitzen duenean edo batzorde horretako kideen bosten batek gutxienez eskatzen duenean bilduko da. Nolanahi ere, gutxienez urtean sei aldiz bilduko da.
24. artikulua.
Batzorde Eragilearen eginkizunak honako hauek izango dira:
- Batzar Orokorrak hartutako erabakiak gauzatzea.
- Instantzia politiko eta administratiboekin harremanetan jardutea.
- Lurralde Batzordeen lanak koordinatzea.
- Azterlan eta argitalpenak bideratzea.
- Ondarearen administrazioa zuzentzea.
- Elkartearen zerbitzurako langile-politika zuzentzea.
- Kide berriak atxikitzeko eskaerak formal bihurtzea.
- 9.b) artikuluan adierazitakoari dagokionez, kidea izateari uzteko espedientea bideratzea.
- Gobernu-organoetako ordezkariek jaso beharreko ordainsariak onartzea.
25. artikulua.
Batzorde Eragileak azterlan-taldeak sortu ahal izango ditu Elkartearen helburuekin zerikusia duten gaiei buruzko txostenak eta irizpenak agiteko.
26. artikulua.
Lehendakaria gaixorik dagoenean edo bertaratzen ez denean, lehendakariordeek ordeztuko dute, izendapen-ordenaren arabera.
27. artikulua.
Lehendakariak legezko ondorio guztietarako ordezkatzen du Elkartea. Era berean, Batzarraren eta Batzorde Eragilearen bileretarako deialdia egiten du, bileren burua da, eta bilerak zuzentzen ditu; halaber, bere eskumenetako batzuk Batzorde Eragileko ordezkarien esku utz ditzake.
28. artikulua.
Batzorde Eragileari 10., 14. eta 20. artikuluak ere aplikatuko zaizkio. Halaber, 19. artikulua aplikatuko zaio Batzorde Eragileari, e) idatz-zatia izan ezik eta d) idatz-zatian aldaketa bat eginda; hain zuzen ere, bertaratu diren eta bertaratu ez diren ordezkarien izen-abizenak, kargua eta udalerria aipatuko dira; bertaratu ez diren ordezkariei dagokienez, bertaratu ezin izana adierazi dutenen nahiz adierazi ez dutenen datu horiek guztiak aipatuko dira.
29. artikulua.
Batzorde Eragileko ordezkariak dagokion Lurralde Batzordeko ordezkariak ere izan daitezke.
Lurralde-Batzordea
30. artikulua.
- Lurralde bakoitzean bederatzi kidez osatutako Batzorde bat eratuko da. Kide horiek Lurralde bakoitzeko bazkide osoek hautatuko dituzte zerrenda itxien bidez, eta postuak proportzioz banatuko dira, hauteskunde-kozienteko eta hondar handieneko sistemaren bitartez.
- Hutsik geratzen diren postuak, bere kasuan, hutsik geratutako postuari dagokion zerrendako hurrengoak edo hurrengoek beteko dituzte.
31. artikulua.
- Dagokion Lurraldeko organoen aurrean udalerrien interesak defendatzea da Lurralde Batzordeen eginkizun nagusia, betiere Batzar Orokorrean eta Batzorde Eragileak onartutako irizpide orokorrei jarraiki.
- Halaber, Lurralde Batzordeak Batzorde Eragilearen kontsulta-organoak izango dira, eta egoki deritzen txosten eta proposamenak egin eta goragoko organoen eraginpean jarri ahal izango dituzte.
32. artikulua.
Arau gisa, Lurralde Batzordeak hilean behin bilduko dira eta bilera horietan kide batek egingo ditu zuzendari-lanak. Kideak txandaka arituko dira bilera batetik bestera. Horretarako, bilkura bakoitzean hurrengoan zuzendari-lanak egitea zer batzordekideri dagokion adieraziko da.
33. artikulua.
Lurralde Batzorderen batean Batzorde Eragileko ordezkaririk ez badago, Batzorde Eragileak ordezkari bat bidaliko du Lurralde Batzordeetako bileretara; horretarako, dagokion Lurralde Batzordeko ordezkariei bezala egingo zaie deialdia.
Organo guztietarako Xedapen Komunak
34. artikulua.
Bilkura guztiak hasi diren egun berean amaitu behar dira.
35. artikulua.
Gobernu-organoetan gaiak behar bezala aztertuko direla ziurtatzearren, bilerak zuzentzen dituenak edozein unetan bertan behera utzi ahal izango ditu, arrazoi justifikaturik badago.
36. artikulua.
Bilkura guztietan horren akta egin beharko da.
3. KAPITULUA. ANTOLAMENDUKO ETA FUNTZIONAMENDUKO BESTE ARAU BATZUK
37. artikulua.
- Zuzendaria da Elkartearen organo eragilea.
- Zuzendaria Batzorde Eragileak izendatzen du eta kentzen du kargutik.
38. artikulua.
Horrez gain, Akta-idazkari bat egongo da, organo eragileen erabakien fede emateko.
39. artikulua.
Botere Publikoentzako komunikazioak lehendakariak sinatuko ditu, eta gainerakoak zuzendariak.
40. artikulua.
- Urtero, dagokion ekitaldi ekonomikoan har daitezkeen obligazioen eta aurreikusten diren diru-sarreren aurrekontua onartuko da.
- Diru-sarreren eta gastuen kontabilitatea kontabilitate publikoaren erregimenaren arabera egingo da. Kontabilitate-ekitaldia abenduaren 31n itxiko da.
- Batzarrak kontuak onartu aurretik, Batzorde Eragileak horiei buruzko txostena egingo du.
41. artikulua.
Estatutuak eta Araudi hau prozedura honi jarraiki aldatuko dira:
- Espedienteari hasiera ematea.
Espedienteari Batzorde Eragilearen erabakiz emango zaio hasiera, ofizioz edo bazkide osoen bostenak edo beren botoez kide guztien botoen bostena lor dezaketen kideen kopuru jakin batek eskatuta.
Kasu horretan, eskaerarekin batera egungo arauak ordezteko proposatzen diren arauen testua aurkeztuko da, betiere aldatu nahi diren arauak zeintzuk diren zehatz-mehatz adierazita, eta Batzorde Eragileak eskaerari buruzko txostena egingo du hilabeteko epean; aldi berean, aldaketa horiek behin betiko onartzeko Batzarrerako deialdia egingo du.
.
- Bazkideei informazioa ematea.
Batzorde Eragilearen proposamena edo, hala badagokio, espedienteari ofizioz hasiera ematen ez zaionean bazkideen eskaera Batzorde Eragilearen txosten eta guzti, bazkideei jakinaraziko zaizkie Batzarra egingo den eguna baino bi hilabete lehenago, zuzenketak edo oharra egiteko aukera izan dezaten, eta zuzenketa nahiz ohar horiek Batzorde Eragileari helarazi beharko zaizkio bi hilabete horietako lehenengoan.
.
- c. Espedientea onartzea.
Espedientea Batzarrari helaraziko zaio, behin betiko onar dezan. Aldez aurretik, Batzarrak epearen barruan aurkeztu diren zuzenketa eta oharrei buruzko ebazpena emango du egintza berean.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
LEHENENGOA
Helbide soziala Gasteizeko Manuel Iradier kaleko 7. zenbakiko 2. solairuan finkatu da. Batzorde Eragilearen erabakiz, beste herri batzuetan unitate eragileak ezarri ahal izango dira.
BIGARRENA
Batzorde Eragileko kideak hautatzeko arauak
21.2 artikuluan xedatutakoari dagokionez, honako arau hauek beteko dira:
- Batzarrerako deialdia egiten denetik Batzarra egin arte gehienez ere bi hilabeteko tartea egongo da.
- Bazkideak diren udalerrietako alkateak edo haiek izendatutako udalkideak izango dira hautesle nahiz hautagaiak.
- Hautagaitzak bilkura-eguna baino bost egun lehenago aurkeztuko dira.
- Hautaketa-ekitaldiak bertaratu diren adin handiagoko eta txikiagoko hautesleek osatutako mahaia izango du burutzat, eta horretarako Elkarteko idazkariaren laguntza izango dute.
- Hautesle bakoitzak zerrenda bakarrari emango dio botoa, bertan aldaketarik egin gabe eta hautagaien kokapen-ordena aldatu gabe
- Zerrendei dagozkien postuak honako Arau hauei jarraiki esleituko dira:
- Zerrenda bakoitzak lortutako botoen kopurua 15ez biderkatu eta emandako boto guztiekin zatikatuko da.
- Zerrenda bakoitzari hauteskunde-kozienteak adierazten duen postu kopurua esleituko zaio, eta gainerako postuak, 15 bete arte, hondar handienak dituzten zerrendei esleituko zaizkie.
- Zerrenda bakoitzari dagokion postu kopurua zehaztutakoan, postuak zerrendan agertzen diren hautagaiei esleituko zaizkie, bertan agertzen diren ordenaren arabera.
- Lehendakaria boto gehien lortu dituen zerrendako burua izango da. Emandako botoen % 15 gutxienez lortu duten bigarren eta hirugarren zerrendetako buruak izango dira, hurrenez hurren, 1. eta 2. lehendakariordeak. Bestela, botoen % 15 baino gehiago lortu dituzten zerrendetatik hautatuko dira lehendakariordeak. Aurrekoa gorabehera, boto guztien lau bosten lortutako edozein hautagaitzako kideak hautatuko dira.
HIRUGARRENA
Lurralde Batzordeetako ordezkariak hautatzeko arauak:
30. artikuluan xedatutakoari dagokionez, honako arau hauek beteko dira:
- Ordezkari horiek Batzorde Eragileko ordezkariak hautatzeko egiten den Batzar Orokorraren ondoren hautatuko dira.
- Dagokion Lurraldean bazkideak diren udalerrietako alkateak edo haiek izendatutako udalkideak izango dira hautesle nahiz hautagaiak.
- Hautagaitzak hautaketa egin baino bost egun lehenago aurkeztuko dira.
- Hautaketa-ekitaldiak bertaratu diren Lurralde bakoitzeko adin handiagoko eta txikiagoko hautesleek osatutako mahaia izango du burutzat, eta Elkarteko idazkaritza-zerbitzuaren laguntza izango dute.
- Botazioa aldi berean egingo da, hautestontzi desberdinetan, eta emaitzak ere aldi berean emango dira.
- Zerrenda guztiei dagozkien postuak esleitzeko, bederatziz biderkatuko da zerrenda bakoitzak lortutako boto kopurua eta emandako botoen kopuruarekin zatikatuko da; zerrenda bakoitzari bere hauteskunde-kozienteak adierazten duen postuen kopurua esleituko zaio, eta gainerako postuak, bederatzi bete arte, hondar handienak dituzten zerrendei esleituko zaizkie.
LAUGARRENA
.
Batzarrak kuoten (*) zenbatekoa ezartzeko etorkizunean hartzen dituen erabakiak Araudi honen Eranskin gisa atxikiko dira.
Aurtengo ekitaldirako -2008-, honako kuota hauek finkatu dira:
2.500 biztanlerainoko udalerriak: 50.000 pta/300,51 Euro.
2.501etik 5.000 biztanlerainokoak: 150.000 pta/901,52 Euro.
5.001etik 10.000 biztanlerainokoak: 250.000 pta/1.502,53 Euro.
10.001etik 20.000 biztanlerainokoak: 500.000 pta/3.005,06 Euro.
20.001etik 50.000 biztanlerainokoak: 750.000 pta/4.507,59 Euro.
50.001etik 100.000 biztanlerainokoak: 1.000.000 pta/6.010,12 Euro.
100.001etik 200.000 biztanlerainokoak: 1.250.000 pta/7.512,65 Euro.
200.000 biztanletik gorakoak: 1.500.000 pta/9.015,18 Euro.
(*) Koutak ez dira 1988tik aldatu.