Estatutoak
 

Estatutoak

 

1. artikulua.

Euskadiko Udalen Elkartea-Asociación de Municipios Vascos izena duen elkartea -aurrerakoan Euskadiko Udalen Elkartea-, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen eraginpean dago, eta Estatutu hauetan aurreikusitako helburuak lortzeko borondatez bat egiten duten udalerri guztiek osatzen dute. Bere jarduera Euskal Herrian gauzatzen du batez ere.

2. artikulua.

Elkartea Estatutu hauen eta Gobernu Organoek hartutako erabakien arabera arautuko da, eta, modu osagarrian, lehen adierazitako 7/2007 Legearen eta hura garatzeko onartzen diren erregelamenduzko xedapenen arabera.

EGOITZA



3. artilulua (EUDELen 2002-04-26ko Ohiko Batzar Orokorreko erabakiaren arabera idatzitako artikulua).

Elkartearen helbide soziala Gasteizeko Manuel Iradier kaleko 7. zenbakiko 2. solairuan dago. Dena den, Elkartearen kide anitzeko organoen bilkurak EAEko edozein lekutan egin ahal izango dira.

IRAUPENA



4. artikulua.

Elkartearen iraupena mugagabea da.

HELBURUAK



5. artikulua.

Elkarteak honako helburu hauek ditu:

  • Udal-autonomia sustatu eta defendatzea.
  • Elkarteko kideen interes orokorrak instantzia politiko eta administratiboetan defendatzea eta bertan Elkarteko kideak ordezkatzea.
  • Udal-arazoei buruzko azterlanak egitea, udalen kudeaketa errazteko, haien askatasunak ziurtatzeko eta aurrera egiten laguntzeko.
  • Udal-erakundeetan Europako espiritua garatzea, Europako eta nazioarteko erakundeetan parte hartzea eta ordezkatuta egotea sustatuz.

6. artikulua.

Helburu horiek lortzeko, elkarteak:

  • Hartarako egitura organikoak ezarriko ditu.
  • Toki-arloko gaiei buruzko informazio-trukea erraztuko du.
  • Bere kideentzako aholkularitza- eta laguntza-zerbitzuak sortuko ditu.
  • Bilera, mintegi eta biltzarrak antolatuko ditu eta bertan parte hartuko du.
  • Botere publikoen aurrean elkarteko kideak ordezkatuko ditu eta, hala badagokio, udal-korporazioen legezko araudia formulatzeko esku hartuko du, baita udal-korporazioak eraginpean hartzen dituen gai orotan ere.
  • Eskumenez dagozkion gaiei buruzko argitalpen eta informazio-dokumentuak sustatuko ditu.

ELKARTEKO KIDEAK



7. artikulua.

  1. Elkartea bazkide osoez eta bazkide laguntzaileez osatuta dago. Atxikitako udalak dira bazkide osoak. Elkarteari atxikitzen zaizkion mankomunitateak, elkarteak, toki-erakunde txikiak eta beste toki-erakundeak dira bazkide laguntzaileak.
  2. Bazkide osoek eta laguntzaileek beren lehendakariaren edo hartarako izendatutako udalkidearen bitartez esku hartuko dute Elkartean.

8. artikulua.

  1. Bazkide osoen eskubide eta betebeharrak honako hauek dira:
    • Estatutu hauek eta Elkarteko organoen erabakiak betetzea.
    • Batzar Orokorraren bilkuretan hizpidez eta hautespidez jardutea eta, halaber, dei egindako bilera eta ekitaldi guztietara bertaratzea.
    • Izendapenez dagozkien gobernu-karguak betetzea.
    • Ezarritako kuotak ordaintzea.
    • Elkartearen zereginetan parte hartzea.
  2. Bazkide laguntzaileek, beren helburuei dagokienez, Elkartearen zerbitzuen aholkuak eta Elkartearen ekintzei buruzko informazio zehatza jasotzeko eskubidea dute. Halaber, Elkarteak ematen dizkien zerbitzuen izaeraren arabera Batzarrak ezartzen dituen kuotak ordaindu beharko dituzte.

9. artikulua.

1. Kidea izateari utziko zaio:

  • Kideak erabakita.
  • Kuotak ez ordaintzeagatik.

GOBERNU ORGANUAK



10. artikulua.

Elkartearen organoak honako hauek dira:

  • Batzar Orokorra.
  • Batzorde Eragilea.
  • Lurralde-Batzordeak.

Batzar Orokorra


11. artikulua.

Batzar Orokorra da Elkartearen organo nagusia eta bazkide guztiek osatzen dute.

12. artikulua.

Batzar Orokorraren ardura da:

  • Estatutuak onartu eta aldatzea.
  • Batzorde Eragilearen ordezkariak aukeratzea eta haien kudeaketa kontrolatzea
  • Urteko Jardun Plana onartzea.
  • Aurrekontuak eta Kontu Orokorrak onartzea.
  • Barne Araudia onartzea.
  • Elkartea desegitea.
  • Estatutu hauetako 9. artikuluko b) atalean aurreikusitako kasuan bazkideari bertan baja ematea.
  • Dedikazio-erregimenean dauden gobernu-organoetako kideen ordainsariak onartzea.
  • Lege edo Estatutuen arabera dagozkion beste ardura guztiak.

13. artikulua.

  1. Batzar Orokorra ohiko eta ez-ohiko bilkuren arabera dihardu.
  2. Batzarrak urtean behin egiten du ohiko bilkura; ez-ohikoa, berriz, Batzorde Eragileak egoki deritzon guztietan eta kide osoen bostenak edota beren botoez kide guztien botoen bostena lor dezaketen kideen kopuru jakin batek eskatuta.
  3. Bilkuretarako deialdiak hilabeteko aurrerapenaz egingo dira gutxienez.
  4. Ohikoa edo ez-ohikoa dela ere, Batzarra indar osoz eratzeko, lehenengo deialdian kide osoen gehiengoa bertaratzea izango da beharrezkoa; ordu erdi geroago, bigarren deialdian, bertaratutakoen kopurua edozein izanik ere egingo da.

14. artikulua.

  1. Nola Ohiko Batzarrerako hala Ez Ohiko Batzarrerako, deialdiarekin batera, landuko diren Gaien Zerrenda aurkeztuko da, betiere Batzorde Eragileak onartuta. Bertan, nahitaez bildu beharko da gutxienez bazkide osoen bostenak edo beren botoez bazkide guztien botoen bostena lor dezaketen bazkideen kopuru jakin batek eskatutako edozein gai, betiere Elkartearen helburuei badagokie.
  2. Batzarrak Gai Zerrendako gai guztiak aztertu eta erabakiko ditu.

15. artikulua.

  • 1. Oro har, emandako botoen gehiengo soilaz hartuko dira erabakiak.
  • Emandako botoen bi herenen edo lau bostenen boto kualifikatua beharko da, hurrenez hurren, Estatutuak aldatzea edo Elkartea desegitea erabakitzeko.
  • Ez da onartuko bazkideek beren botoak beste bazkide batzuen esku uzterik.

16. artikulua.

Batzarrean bazkide oso bakoitzak izango dituen botoak honako eskala honen araberakoak dira:

2.500 biztanlerainoko udalerriak: boto 1.
2.501etik 5.000 biztanlerainokoak: 3 boto.
5.001etik 10.000 biztanlerainokoak: 5 boto.
10.001etik 20.000 biztanlerainokoak: 10 boto.
20.001etik 50.000 biztanlerainokoak: 15 boto.
50.001etik 100.000 biztanlerainokoak: 20 boto.
100.001etik 200.000 biztanlerainokoak: 25 boto.
200.000 biztanletik gorakoak: 30 boto.

Batzorde Eragilea



17. artikulua.

  • Batzorde Eragilea bazkide osoen ordezkarien artetik izendatutako lehendakari batek, bi lehendakariordek eta hamabi kidek osatuko dute.
  • Zerrenda itxien sistemaren arabera hautatuko dira.
  • Zerrenden artean hauteskunde-kozienteko eta hondar handieneko sistemaren bidez proportzioz banatuta esleituko dira postuak.
  • Hutsik geratzen diren postuak, bere kasuan, hutsik geratutako postuari dagokion zerrendako hurrengoak edo hurrengoek beteko dituzte.
  • Lehendakaria boto gehien lortu dituen zerrendako burua izango da. Emandako botoen % 15 gutxienez lortu duten 2. eta 3. zerrendetako buruak izango dira, hurrenez hurren, 1. eta 2. lehendakariordeak. Bestela, botoen % 15 baino gehiago lortu dituzten zerrendetatik hautatuko dira lehendakariordeak.
  • Aurrekoa gorabehera, boto guztien lau bosten lortutako edozein hautagaitzako kideak hautatuko dira.

18. artikulua.

Udalak legezko agintaldia betetzean berritzen direnean berrituko da Batzorde Eragilea. Hartarako, Batzar Orokorrerako deialdia egingo da, betiere gehienez bi hilabeteko epean.

19. artikulua.

Batzorde Eragilea lehendakariak erabakitzen duenean edo batzorde horretako kideen bosten batek gutxienez eskatzen duenean bilduko da. Nolanahi ere, gutxienez urtean sei aldiz bilduko da.

20. artikulua.

  1. Batzorde Eragilearen eginkizunak honako hauek izango dira:
    • Batzar Orokorrak hartutako erabakiak gauzatzea.
    • Instantzia politiko eta administratiboekin harremanetan jardutea.
    • Lurralde Batzordeen lanak koordinatzea.
    • Azterlan eta argitalpenak bideratzea.
    • Ondarearen administrazioa zuzentzea.
    • Elkartearen zerbitzurako langile-politika zuzentzea.
    • Kide berriak atxikitzeko eskaerak formal bihurtzea.
    • 9.b artikuluan adierazitakoari dagokionez, kidea izateari uzteko espedientea bideratzea.
  2. Batzorde Eragileak azterlan-taldeak sortu ahal izango ditu Elkartearen helburuekin zerikusia duten gaiei buruzko txostenak eta irizpenak egiteko.

21. artikulua.

Lehendakariak legezko ondorio guztietarako ordezkatzen du Elkartea. Era berean, Batzarraren eta Batzorde Eragilearen bileretarako deialdia egiten du, bileren burua da, eta bilerak zuzentzen ditu; halaber, bere eskumenetako batzuk Batzorde Eragileko ordezkarien esku utz ditzake.

Lurralde Batzordeak



22. artikulua.

  1. Lurralde bakoitzean Batzorde bat osatuko da, Estatutu hauetan eta Batzar Orokorrak xedatutakoaren arabera.
  2. Dagokion Lurraldeko organoen aurrean udalerrien interesak defendatzea da Lurralde Batzordeen eginkizun nagusia, betiere Batzar Orokorrean eta Batzorde Eragileak onartutako irizpide orokorrei jarraiki. Halaber, Lurralde Batzordeak Batzorde Eragilearen kontsulta-organoak izango dira, eta egoki deritzen txosten eta proposamenak egin eta goragoko organoen eraginpean jarri ahal izango dituzte.
  3. Lurralde Batzordeak bederatzi kidek osatuko dituzte. Kide horiek Lurralde bakoitzeko bazkide osoek hautatuko dituzte zerrenda itxien bidez, eta postuak proportzioz banatuko dira, hauteskunde-kozienteko eta hondar handieneko sistemaren bitartez.
  4. Hutsik geratzen diren postuak, bere kasuan, hutsik geratutako postuari dagokion zerrendako hurrengoak edo hurrengoek beteko dituzte.

EKONOMIA-JAURBIDEA



23. artikulua.

  1. Elkartearen dirubideak honako hauek izango dira:
    • Bazkideen kotizazioak.
    • Elkartearen Ondarearen mozkinak.
    • Unean-unean sor daitezkeen beste batzuk.
  2. Batzar Orokorrak onartuko ditu urteko kuotak; halaber, kuota horien zenbatekoa erabakiko du, banaketa-berdintasuneko irizpideen arabera.

24. artikulua.

Batzorde Eragileko eta Lurralde Batzordeetako ordezkariek ordainsari jakin batzuk jaso ahal izango dituzte bilkuretara bertaratzeagatik, garraioagatik eta mantenuagatik, betiere Batzorde Eragileak ezarritako irizpideen arabera.

25. artikulua.

Gobernu-organoetako ordezkariek karguan jarduteagatiko lansariak jaso ahal izango dituzte. Dedikazioaren zenbatekoa eta erregimena batzar orokorrak onartu beharko ditu, batzorde eragileak proposatuta. Lansaria jasotzeak ez du ekarriko gizarte-segurantzako erregimenean alta ematerik. Ezin izango dira aldi berean lansaria eta bertaratzeagatiko ordainsaria jaso.

ELKARTEA DESEGITEA



26. artikulua.

Elkartea deseginez gero, haren likidazioa egingo da, eta ondare soziala bazkideen artean banatuko da bakoitzaren kuotaren zenbatekoaren arabera, bete gabeko obligazioei erantzuteko beharrezkoak diren baliabideak kendu ondoren.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA



Euskadiko Udalen Elkartea, hasierako ondarerik gabe 1982ko maiatzaren 8an sortua, Estatutu hauen bidez, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen eraginpean jarri da. Batzorde Eragileak, 3 hilabeteko epean, Elkarteen Erregistroan inskribatuko du Elkartea. Estatutu hauek onartzen diren egunean bazkideak diren udalerriek ez dute Elkartearekiko atxikipena berretsi beharko, ezta bazkide izateari eusteko izapiderik egin beharko ere.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.



Euskadiko Udalen Elkarteak antzeko beste Elkarte edo Federazioekin lankidetzarako bideak ezarriko ditu baterako helburu guztietan..

Plaza del Ensanche, 5 - 1º. 48009 Bilbao