Albisteak

Prentsa oharra

 

Joan den larunbateko lehenengo orduetan Pasaiako Udaletxeak jasandako erasoaren aurrean, EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak, eta bereziki Gipuzkoako Lurralde Batzordeak, gaur bilduta, hauxe adierazi nahi dio iritzi publikoari:

  1. Pertsonei edo pertsonen ondasunei egindako erasoak bidegabeak eta onartezinak badira ere, Udal bati zuzentzea, ordezkatzen duen Herriari eta herritar guztien duintasunari eta askatasunari irain egitea eta mesprezua erakustea da.

  2. EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak eta bertan integratutako alkate eta zinegotziek beren laguntza eta konpromisioa adierazi nahi die Pasaiako alkate andreari eta zinegotzi jaun-andreei, bai demokraziaren eta askatasunaren defentsan, bai eta giza eskubideen babesteko lanean ere, hala tokiko komunitatean nola gure Herrialdean.

  3. Bake eta normalkuntza prozesuekin bizi dugun une itxaropentsu honetan, honelako ekintzak euskal gizartearen borondate askea beldurtzeko edo gidatzeko saiakeren adierazpen baldarra dira. Jardun horiek ukatuz eta ezabatuz baino ez dute nahikoa sinesgarritasun lortuko elkarrizketa eta akordioa babesten dutela diotenek, benetan demokratikoak diren etorkizunerako konpromisoak hartuz.

  4. EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak Euskadiko udal guztietara bidaliko du deklarazio hau, bertan jasotako printzipioak berretsi ditzaten eta zehaztutako konpromisoak har ditzaten.

Donostian, 2006 ko Urriaren 9an

Plaza del Ensanche, 5 - 1º. 48009 Bilbao