
EUSKARA ZERBITZU BERRIA UDALENTZAT, EUDELENHemendik gutxira, Euskadiko Udalen Elkarteak euskara zerbitzu berria jarriko du martxan, udalen lana koordinatzeko eta udalerrietan euskararen erabilera sustatzeko plan orokorrak bultzatzeko
Euskadiko Udalen Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak lankidetza hitzarmen bat sinatuko dute udalerrietan euskararen erabilera sustatzeko plan orokorrak definitu eta garatzeko. Helburu nagusia izango da EUDELetik xede honetara bereziki orientatutako koordinazio eta aholkularitza zerbitzua ematea. Horretarako, EUDELek arlo honetako teknikari espezialista bat izango du luze barik.
Era berean, eta EUDELen euskara zerbitzu berri hau behar bezala abian jartzeko, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak azterketa bat egingo du, egoeraren diagnostikoa egiteko eta Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Orokorraren garapen eremuak identifikatzeko
EUDELek udal guztiei eskainiko dien euskara zerbitzu berriaren asmoa tresna berria izatea da, udalen lana koordinatzeaz gain, Jaurlaritza-Udalak erakunde arteko lana ere koordinatu eta sustatuko duena. EUDELek Tokiko Gobernuei ematen dizkien gainerako aholkularitza eta laguntza zerbitzuetan legez, egunero kontsultatu ahal izango dira euskara sustatzeko planak martxan jartzeari buruzko zalantza guztiak, koordinazio eta elkarrizketa bilerak antolatuko dira, etab.
Halaber, zerbitzu berri hau eraginkorra izan dadin eta bai EUDELek zein Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hartutako konpromisoak bete daitezen, jarraipenerako Batzorde misto bat eratuko da.