
1go galderaHautagai-zerrenda aurkezteko, hauteskunde-elkarteek udalerriko Hauteskunde Erroldan izena emanda dauden batzuen sinadura behar dute. Notario batek edo dagokion Udalbatzaren Idazkariak egiaztatu beharko ditu, eta sinadura kopurua baremo honen araberakoa izango da (HAOLOren 187.3. artikulua):
Hautesle-elkarteek aurkezten dituzten zerrendak legeak hauteskundeetan parte hartzeko eskatzen dituen sinadura-kopurua egiaztatzeko agiriekin batera aurkeztu beharko dira. Hautesleek ezingo dute euren sinadura hautagai-zerrenda bat baino gehiago aurkezteko eman.
HAUTESKUNDE BATZORDE NAGUSIAREN IRIZPIDEAK
Deialdia egin aurretik has liteke sinadurak biltzen, baina, Hauteskunde Batzorde Nagusiaren iritzian, ezin dira hauteskunde-deialdia egin aurretik egiaztatu, hauteskunde-jarduerek balio ahal izateko dagokion prozesuaren hauteskunde-aldiaren baitan egin behar baita (Hauteskunde Batzorde Nagusiaren Erabakiak, 1987ko apirilaren 3koa, 1991ko otsailaren 25ekoa, 1994ko azaroaren 18koa eta 1995eko martxoaren 15ekoa).
Notarioek edo dagokion Udaleko Idazkariak baino ezin dituzte egiaztatu sinadurak, horiek emango baitute fede (hori da egiaztatzea) sinatzaileen nortasuna eta horien sinadurak egiazkoak direla; horretarako, fede-emaile horien aurrean sinatzaileek eurek agertu behar dute (Hauteskunde Batzorde Nagusiaren Erabakiak, 1990eko azaroaren 26koa, 1991eko apirilaren 12koa eta 29koa, eta 1993ko otsailaren 16koa, besteak beste).
Agiriak sinaduretarako tokia izan beharko du, baita, horietako bakoitzaren ondoan, hauteslearen izen-abizenak eta NAN zenbakia eta non eta noiz eman zuten jartzeko tokia ere. NANa fede-emaileari erakutsi beharko zaio egiaztapena egin dezan. Idazkariak ziurtatu egingo du sinatzailea erroldan dagoela. Horretarako, NAN orijinala edo horren kopia eman ahalko da (1991eko apirilaren 4ko Erabakia).
Hautesle-elkartea sinadurez bermatutako hautagai-zerrenda Hauteskunde Administrazioaren aurrean aurkeztean eratuko da, ez da elkarte gisa erregistratu behar (Hauteskunde Batzorde Nagusiaren Erabakia, 1990eko azaroaren 26koa) eta, diru-sarrerak eta gastuak justifikatzeko, horri dagokion IFZ eskatu behar da Foru Ogasunean (Hauteskunde Batzorde Nagusiaren Erabakia, 1990eko azaroaren 28koa).
JURISPRUDENTZIAREN IRIZPIDEAK
Balearretako Justizia Auzitegi Nagusiaren (Administrazioarekiko Auzietako Sala) 495/1995 Sententziak, maiatzaren 17koak, honela esan zuen 557/1995 administrazioarekiko auzi-errekurtsoan:
"Argitu beharreko gai nagusia da zentzuzkoa zen Udalbatzaren jarduneko Idazkariak Hauteskunde Elkarteari eskatzea hautagai-zerrenda aurkezteko lortutako sinadurak egiaztatze aldera halabeharrez horren aurrean aurkeztu behar zuten sinatzaile guztiek euren Nortasun Agiri Nazionala aldean zutela.
Bada, aurkeztutako sinadura eta egiazkotzat jotzen den beste bat egiaztatzea du helburu Idazkariaren parte hartzeak halakoetan. Horretarako, era berean, udal bulegoetan dauden erroldatzeko eskarietan jadanik dagoena jo daiteke egiazkotzat. Horrela, sinadura hori ez bada ordura arte zalantzan jarri, eta behar bezala sinatutako eskariak eragina izan badu, ez dago arrazoirik hauteskunde-elkarteak aurkeztutakoarekin identifikatzeko ontzat -benetakotzat- ez emateko».
Auzitegi Konstituzionalaren (1. Sala) 81/1987 Sententziak, maiatzaren 27koak, 684/1987 Babes Helegiteak, hau adierazi zuen:
«Hauteskunde Legeak ez du zehazten hauteskunde-prozesua zuzentzeko funtsezkoa izan daitekeen forma jakinik egiaztapena egiteko; beraz, zernahitarako, nahikoa da horretarako legez baimenduta dagoenak sinadura eta nortasun horien egiazkotasunaren fede ematea».
"Coruñako Lurralde Auzitegiaren Sententzian ezin hobeto adierazten denez, Hauteskunde Legeak ez du zehazten hauteskunde-prozesua zuzentzeko funtsezkoa izan daitekeen forma jakinik egiaztapena egiteko; beraz, zernahitarako, nahikoa da horretarako legez baimenduta dagoenak, Notarioak edo Udaleko Idazkariak, sinadura eta nortasunen egiazkotasunaren fede ematea. Autoei dagokienez, Behin-behineko Idazkariak egiaztatu egin du Hauteskunde Legeak eskatutako baimentzea egin zuela, eta, beraz, egiazkotasun horren erantzule da; errekurtsoa jarri duen alderdiaren babes-helegitearen bidez ezin da hori zalantzan jarri, eta, horretarako, nolanahi ere, beharrezkoa izango litzateke dagokion akzio penala bideratzea.
Honako babes-helegiteari dagokionez, egiaztatze horretatik ondorioztatzen denez, nahikoa da egiaztatzea baimentze hori egin dela horri oinarri guztiak kentzeko eta ezeztatzera eramateko".
Bestalde, elkarteen sustatzaileek hautagai-zerrenda horien ordezkariak hautatu behar dituzte Eskualdeko Hauteskunde Batzordeen aurrean aurkezterakoan. Une horretan antolatu behar dira.
Ondoren, alderdi, federazio eta koalizioen ordezkariek eta hautesle-elkarteen sustatzaileek izenpetutako zerrendak dagokien Hauteskunde Batzordearen aurrean aurkeztu behar dira deialdia egin eta hurrengo hamabosgarren eta hogeigarren egunen artean.
Batzar Nagusiei dagokienez, 1/1987 Legeak, martxoaren 27koak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako Batzar Nagusietarako Hauteskundeei buruzkoak, honakoa jasotzen du:
6. artikulua- Hautagai-zerrenden aurkezpenak.
Hautagai-zerrendak alderdi politikoek, federazioek, koalizioek eta hautesle-elkarteek aurkeztuko dituzte, Hauteskunde Erregimen Orokorra arautzen duen 5/1985 Lege Organikoak, ekainaren 19koak, IV. kapituluan, 2. atalean, jasotzen dituen terminoetan. Hautesle-elkarteek hautagai-zerrenda aurkeztu ahal izateko behar den sinadura-kopurua, Lege beraren 187. artikuluan, 3. atalean, erabakitakoaren arabera zehaztuko da. Horretarako, artikulu horretako baremoaren eskalak barruti bakoitzeko udalerrietako eskubide osoko biztanle guztien kopuruaren araberakoak izango dira.