
24. galderaZein berrikuntza nagusi dakartza 3/2007 Lege Organikoak gizon-emakumeen arteko berdintasun eraginkorrerako?
5.000 biztanletik gora dituzten udalerrietan 3/2007 Lege Organikoak gehitutako 44 bis artikulu berria aplikatu behar da. Horren arabera, udal hauteskundeetara aurkezten diren hautagai-zerrenda guztietan gizon-emakumeen kopuru orekatua egon behar du, eta sexu bakoitzeko hautagaien ehunekoak % 40koa izan behar du gutxienez. Bete beharreko postuen kopurua bostetik beherakoa denean, gizon-emakumeen ehunekoa erabateko orekatik albait gertuen izango da.
% 40ren gutxieneko kopuru hori bost pertsonako zati bakoitzean ere gordeko da. Zerrendaren azken zatiak bost kide baino gutxiago dituenean, gizon-emakumeen ehunekoa erabateko orekatik ahalik eta gertuen egongo da zati horretan ere, baina zerrenda osoan errespetatu beharreko orekari hor ere eutsi beharko zaio. Arau horiek ordezkoen zerrendari ere dagozkio.
Hurrengo udal hauteskundeetarako (2011. urtea), 44 bis artikulu horretan ezartzen dena 3.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan aplikatuko da (HAOLO, 187.2 artikulua).