3. Hautesle-elkarteak. Hauteskunde Batzorde Nagusiak hartutako erabaki nagusien laburpena.
Hautesle-elkarteen sustatzailetzat hartu behar dira pertsonak elkartuz hautagai-zerrendak bultzatu edo sustatzen dituztenak eta dagozkien Hauteskunde Batzordeetan ordezkariak izendatzeko idatzian izaera horrekin ageri direnak.
Hautesle-elkarte baten sustatzaile izaera paper-orri arruntetan egindako idatzi baten bidez ziurtatzen da, eta ez da gutxieneko sustatzaile kopururik behar.
Hautesle-elkarteak hauteskunde-prozesu jakin baterako baino ez dira eratzen; beraz, zerrenda hauteskunde-prozesu bakoitzean aurkezteko, sinadura-bilketa egin behar da berriro. Halere, bilketa hori hauteskundeetarako deialdia egin aurretik abiatu ezin daitekeenez, hauteskunde-jarduerek balio izateko, hauteskunde-prozesuaren baitan egin behar dira.
Hautesleen sinadurek babestu egiten dute elkarteen sorrera hautagai-zerrenda aurkezteko.
Euren sinadurekin hautagai-zerrenda independente bat babesten duten hautesle guzti-guztien nortasuna Notarioak (akta bidez) edo Udalbatzaren Idazkariak egiaztatu behar dute, horiek emango baitute fede sinadurak benetakoak direla. Horretarako, sinatzaileek eurek agertu behar dute fede-emaile horien aurrean.
Hautesle-elkarte batek proposatutako hautagai-zerrenda guztiak besteetatik independenteak dira eta horren eremuak dagokion hauteskunde barrutiarena izan behar du.
Hautesle-elkartea Hauteskunde Administrazioaren aurrean aurkeztean eratuko da modu formalean, eta ez da elkarte gisa erregistratu behar.
Aukerakoa da sinboloak eta siglak sartzea.
Ez dago lehentasunezko eskubiderik hautesle-elkarteak eratzeko aurreko hauteskunde batzuetan hautesle-elkarte gisa hautagai-zerrendak aurkeztu zituztenen alde.
Ez dago hautesle-elkarteen artean koaliziorik eratzerik, ezta horien eta alderdi politikoen artean ere.
Ordezkaria eta sustatzailea hautesle-elkarteko hautagaiak izan daitezke, eta ez dago arazorik pertsona berak hiru izaerak izateko.
HAOLOren 123.1 artikuluaren arabera, hautagaiek ez dute hauteskunde-administrari izaterik.
Ez dago lege-eragozpenik hautagaiek euren sinadura eman dezaten elkarteak hauteskundeetan parte har dezan.
Hautesleen sinadurak egiaztatuta dituzten dokumentuak hautagai-zerrendarekin batera aurkeztu behar dira, horiek aurkezteko epearen baitan, dagokion Eskualdeko Hauteskunde Batzordearen aurrean.
Hautesle-elkarteen siglak eta sinboloak edo logotipoak ez emateak ez du galarazten hautagai-zerrenda jakinaraztea, baina identifikazio-elementu horiek hauteskunde-prozesuaren hurrengo faseetan ezin erabiltzea ekarriko du, boto-paperak egitea barne.
Ez dago hautesle-elkarteen erregistro publikorik bertan erregistratuta horien izena edo sinboloa hirugarren batzuen aurrean babesteko.
Hautagaiek ez dute halabeharrez udalerriko hauteskunde erroldan izena emanda egon behar. Izan ere, HAOLOren 6. artikuluaren arabera, orokorrean, adin nagusiko espainiarrak hauta daitezke, hautesle izaera badute; baldintza hori ez da hautagai-zerrenda aurkeztu den udalerrian bertan bete behar.
HAOLOren 187.3 artikuluaren arabera, sinatzaileek udalerriko hauteskunde-erroldan izena emanda egon behar dute.
Zuzentzeko modukoa da egiaztatu gabeko sinadurak aurkeztea eta legeak eskatutako kopurutik beherako sinadura-kopurua aurkeztea.
HAOLOren 205. artikuluak independentetzat jotzen ditu auzitegi-barruti bakoitzeko hautagai-elkarteak; beraz, Probintzi Diputatuak izendatzeko, ezin daitezke batu barruti bereko udalerri ezberdinetan hautagai-zerrenda aurkeztu duten hautesle-elkarte ezberdinek lortutako botoak.
Ezin da auzitegi-barruti bati dagokion eremurako hautesle-elkarterik sortu, horien berezko esparrua, udal hauteskundeetan, udalerria baita.