Zumarraga. Zelai Arizti parkearen urbanizazioaZumarragako Udalak Zelai Arizti kultur etxe berria eta izen bereko parkea inauguratu zituen apirilean; horrez gain, lurpeko aparkalekua ere jarri dute, eta gune horren urbanizazio-proiektua amaituzat eman dute.
Zelai Arizti ikastetxea zegoen lekuan egin dute kultur etxea; bost solairu ditu, 3.500 metro koadro guztira, eta Zumarragako giza zein kultur alorren erdigunea da dagoeneko. Kultur etxe berrian herriko elkarte gehienen egoitzak eta beste zerbitzu asko daude, eta zumarragarren biltoki eta harremanetarako esparru egoki gisa bultzatu nahi dute.
Beheko solairuan, harrera eta erakusketetarako zein bestelako ekitaldietarako gelak daude; lehen solairuan, berriz, liburutegia; bigarrenean, elkarteei zuzendutako eremua; hirugarrenean, Arte Ederren Eskola eta helduen hezkuntzarako gelak; eta laugarrenean, musika eta dantza taldeentzako gelak.
Halere, Zelai Arizti kultur etxea ez da eremu horretako topaleku bakarra, eraikinaren inguruan guztiz eraberritutako parkea baitago. Helduek eta umeek gune horretaz gozatzeko aukera dute, parkearen eserlekuetan atsedena hartzen eta solasaldian batzuek, eta jolasten besteek. Gainera, pilotalekuak toki azpimarragarria hartzen jarraituko du eta bertan ikuskizunak egitea aurreikusi dute.
Gainera, lurpeko garajeak egin dituzte, gunearen urbanizazio-proiektuari amaiera emateko. Aparkalekuak bi solairu ditu, 5.000 metro koadro guztira, eta 200 auto baino gehiago aparkatzeko aukera dago errotazio bidezko aparkalekuen, garajeen eta administrazioak utzitako aparkalekuen artean. Aparkaleku itxiak 75 urterako emango dituzte.
Zelai Arizti parkearen eta bere inguruaren urbanizazioak aldaketa handia eragin du Zumarragan.