Eudel hauteskundeak 2011
Jarduera aproposak

Europako Enpresaren Saria Bilbora

 

Bilboko Udalak, Lan Ekintza eta Udal Etxebizitzak elkarte publikoen bidez, Enpresaren Europako Saria irabazi du. Bi elkarteek elkarlanean garatu dute "Bilbo zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoko udal-lokalak enpresa ekintzetara sustatzeko plana". Okerrera egin duten hiriko hainbat ingurutan kokatutako udal-lokalak berreskuratu eta prestatzeko programa da saria lortu duena.

Eraberritutako lokal baten argazkia

Programa honen helburua Bilbo zaharra, San Frantzisko eta Zabala eraberritzea, eta auzoan hainbat motako enpresak ezartzea da. Horretarako, hondatutako ingurua berritzeko Plan Berezia garatzen da. Tokiko erakundeen zein eskualdeko erakundeen laguntza izaten da bertan.

Lan Ekintza eta Udal Etxebizitzak elkarteek bultzatutako programari esker aipaturiko auzoetan 30 lokal inguru berreskuratu dira. Aisialdiarekin, kulturarekin, modarekin eta teknologiarekin loturiko 20 enpresa-proiektu garatu dira ekimenari esker. Enpresak eta lanpostuak sortzeaz gain, negozioen kalitatea eta irudia ere hobetu da.

Lanekintzaren logotipoa

Enpresaren Europako Saria Europako Batasunak ematen du eta erakunde publikoen eta enpresen arteko harremana bultzatzea du helburu. Era berean, golardo honen bidez enpresen garapenak Europako ekonomian duen garrantzia azpimarratu nahi da. Prestigio handia duen saria da, eta aurtengoan Europako herrialde ezberdinetako 300 proiektuk parte hartu dute. Besteak beste, Bulgaria, Islandia, Norvegia, Errumania edo Turkiako proiektuak egon dira lehiaketan.

Bilboko hautagaia Estatu espainiarreko bakarra izan da eta amaierako fasean Luxenburgo, Herbehereak eta Erresuma Batuko proiektuekin lehiatu da. Luxenburgoko proiektuak mugaz bestaldeko enpresen sorrera bultzatzen du. Herbeheretako proiektuak, bestalde, nekazal inguruetan haurrak zaintzeko zerbitzua du ardatz nagusi. Erresuma Batuko ekimena industriaren beherakadaren aurkako borrokari eta ingurumenari zuzenduta dago. Egindako lana, originaltasuna eta tokiko ekonomian izan duen eragina izan ditu kontuan Europako epaimahaiak erabakia hartzerakoan.

Plaza del Ensanche, 5 - 1º. 48009 Bilbao