
Erandio: Bizitzeko Udalerri EgokiaBizitzeko udalerri egokiak diren komunitateen nazioarteko saria (The International Awards for Livable Communities) jaso du Erandiok. Tokiko komunitateei zuzendutako sari bakarra da, eta ingurune-kudeaketa eta bizitzeko egokiak diren komunitateen sorreran oinarritzen da. Bizkaiko Udalak ekainean aurkeztu zuen bere hautagaitza eta 200 hiri baino gehiagoren artean finalista izateko hautatua izan zen. Azaro hasieran Coruñan ospatu zen finalean, Erandio garaile suertatu zen.
Sari hauen helburua praktika onenak, berrikuntza eta gidaritza suspertzea da alde batetik, eta bestalde, komunitate sutsu, ekologikoki jasangarri eta bizi kalitatea hobetzen duena saritzea. Horrela, lehiaketak aipatutako gaien inguruan beste partaideek dituzten proiektu eta esperientziak eskura izateko aukera ematen du.
Bizitzeko udalerri egokiak diren komunitateen nazioarteko saria emateko unean irizpide zehatz batzuk jarraitu dira. Alde batetik, eraikitako paisaia eta naturaren arteko harreman ona izatea beharrezkotzat jo da herritarrentzako inguru atsegin bat sortuko bada. Horretarako, kontuan hartu dira ondare naturala, garrantzi ekologikoa duten lekuak, biodibertsitatea eta inguru zailenetan landaretza sartzea. Ondareari dagokionez, gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldien bizi-kalitatea hobetzeko lan egitea baloratu da.

Bestalde, sari honek erreferentzia egiten dio jardun ekologiko berritzaile eta ingurugiroaren kudeaketa jasangarri bat martxan jartzeari. Horren inguruan, aparteko balorazioa jaso dute ondorengo eragileek: bizi kalitatea hobetzea, ura eta lurra, biodibertsitatea eta errekurtso naturalen kontsumoa gutxitzea.
Azkenik, aipatu Erandio bizitzeko egokia den hiri bezala aukeratzekorakoan kontuan izan dela udalerrian bizi diren gizabanakoen, taldeen eta erakundeen partaidetza jarraitua tokiko komunitateen plangintzan, garapenean eta kudeaketan.