Jarduera aproposak

Legorreta, Kale Nagusiaren berriztapena

 

Gipuzkoako Legorreta Udalerriak bertako Kale Nagusia berriztatu du azken urteetan. Orain dela hainbat urtera arte, Nazional 1 errepidea kale horretatik igarotzen zen eta trafiko handia zuen. Herriko kanpoko aldetik igarotzen den autobide berria eraiki ostean, kaleak lasaitasun handia irabazi zuen, baina oraindik ere, autoek oinezkoek baino garrantzia handiago zuten.

Legorretako Kale Nagusia

Legorretako Udalak ingurua berriztatzea erabaki zuen, kaleari itxura berria ematea eta batez ere, kalea oinezkoei zuzentzea. Berriztapen-lanak hiru fasetan egiten ari dira. Lehen fasean kalearen erdiko gunea berriztatu zen. Bigarren fasean kalearen muturretako batean lanak egin zen, eta hirugarren fasea, gelditzen den beste muturrean gauzatuko da. Azken fase hori ez da oraindik burutu. Proiektu osoak 4,5 milioi euroko aurrekontua du.

Lehen fasean Kale Nagusiko erdiko guneko 200 metro inguru berriztatu ziren. Zolaketa aldatu zen eta itxura berria emateko asmoz, lurrari marrazki berria jarri zitzaion. Erabilitako marrazkia ibaietako harrien irudiaren antzekoa zen. Gainera, oinezkoei lehentasuna eman zitzaien. Horretarako, galtzada jaso zen eta hiru metroko zabalera eman zitzaion autoak bertatik igaro zitezen. 2003an amaitu ziren lan horiek eta 972.862 euroko aurrekontua izan zuten.

Legorretako Kale Nagusia

Bigarren fasea pertsona minusbaliatuen irisgarritasuna kontuan izanik garatu da. Horretarako, Udalak Once Fundazioaren laguntza izan du. Fundazioak irisgarritasunarekin loturiko gaien inguruan aholkularitza eskaini du. Irisgarritasuna kontuan izanik, galtzadan eta oinezkoentzako inguruetan erabili den zolaketak marrazki eta kolore ezberdinak ditu. Era berean, lorontziak, zabortegiak, edo beste hainbat elementu jartzerako orduan ere kontuan izan da irisgarritasuna. Lan hauek guztiak egiteko 1.376.290 euro erabili dira.

Haurrentzako parkea ere eraiki dute Kale Nagusian. Etxeko txikienei zuzendutako gunea egiteko 222.000 euro erabili dira.

Kale Nagusiaren eraberritzearen azken zatia, hau da, hirugarren fasea, ez da oraindik gauzatu. Azken lan horien aurrekontua 2 milioi eurokoa izango da. Pertsona minusbaliatuen irisgarritasuna ere kontuan izango da obra hauek egiterakoan.

Plaza del Ensanche, 5 - 1º. 48009 Bilbao