
Muskizek nazioarte mailako onespena izan du.2006ko Liveable Community Award sarietako "Paisaiaren hobekuntza" atalean Muskizek irabazi du, Hangzhoun (Txina) egindako finalean. Era berean, Muskizek hirugarren saria lortu du, zilarrezko garaikurrarekin, 20.000 biztanletik beherako hirien kategorian; halaber, El Pobal burdinola zaharberritzeko proiektuak hirugarren saria irabazi du, urrezko garaikurrarekin, "ingurumenari dagokionez iraunkorra den proiektu" moduan.
Komunitate Bizigarrien Nazioarteko Sariek ez dute munduan parekorik. Sariketa hori tokiko komunitateei dago zuzenduta, eta ingurumenaren kudeaketan eta komunitate bizigarrien sorkuntzan dago oinarrituta. LivCom Awards ekimena 1997an jarri zen abian, eta Nazio Batuen Ingurumen Programaren barruan dago sartuta.
Muskizek "Paisaiaren hobekuntza" atalean irabazi du 2006ko ekitaldian; izan ere, epaimahaikideek ondare naturalaren eta garrantzi ekologikoko lekuen babes nabarmena, bioaniztasuna eta ingururik zailenetan landareak sartu izana baloratu dute, eta erakutsi dute komunitate horretako paisaia asko hobetu dela eta, ondorioz, harro egoteko moduko ingurua sortu dela, aisialdiko esperientziak ahalbidetuz eta komunitatearen bizi-kalitatea hobetuz.
Era berean, Muskizek hirugarren saria eta zilarrezko garaikurra lortu ditu, 20.000 bizilagunetik beherako hirien mailan. "Liveable Community Award" Sariek bost populazio maila dituzte: 20.000 biztanletik beherakoak; 75.000 biztanle artekoak; 200.000 biztanle artekoak; 750.000 biztanle artekoak eta 750.000 biztanletik gorakoak. Lehenengo saria Dungannon (Ipar Irlanda) herriarentzat izan da, eta urrezko garaikurra lortu du; bigarren saria, berriz, Ucleulet (Kanada) herriak lortu du, zilarrezko garaikurra eskuratuz. Kasu guztietan, parte hartu duten komunitateak baloratzeko orduan, komunitateon funtzionamendua hartu da kontuan, irizpide kultural, politiko eta ekonomikoei dagokienez eta geografiari eta ingurumenari dagokienez.
Beste alde batetik, Muskizek hirugarren saria eta urrezko garaikurra lortu ditu "The Environmentally Sustainable Project Awards (ESPAs)" atalean. Iraunkortasuna eta ingurumen arloko kontzientzia erakusten duten proiektu berritzaileak saritzea eta toki mailan ahalik eta eragin positiborik handiena sortzea da atal horren helburua. El Pobal burdinolaren proiektuak jaso du sari hori, ondarea berreskuratzeagatik. Saritutako lehenengo proiektua Randwick City Council (Australia) izan da, iraunkortasunagatiko proiektuagatik; bigarrena, berriz, Clonakilty (Irlanda), uraren tratamenduagatik.
Mundu osoko 200 hiri baino gehiagok aurkeztu zuten euren burua Hiri Bizigarrien Munduko Lehiaketako finalista izateko. Hangzhoun (Txina) azaroaren 9tik 13ra bitartean lehiatu diren 25 bat finalisten artean, Muskiz izan da saritutako hirietako bat, herritarrentzat gero eta bizigarriagoa den ingurua lortzeko egin duen lanagatik.