Jarduera aproposak

Oiasso Erromatar Museoa

 

Gipuzkoan aurkitutako erromatarren ondarea biltzen duen museoa zabaldu zuten uztailean Irunen. Oiasso Museoa Bizkaiko Golkoko erromanizatze-prozesuaren erreferentzia bilakatu da. Izan ere, alor hori jorratzen duen Euskal Herriko museorik garrantzitsuena eta Estatutako garrantzitsuenetarikoa da Irungo Oiasso Museoa.

Oiasso Erromatar Museoaren barnealdea

Oiasso Erromatar Museoa Irungo Eskola kalean dago kokatuta, antzinako eskola publikoa zegoen eraberritutako eraikinean, hain zuzen. 1.500 m2-ko lurzorua du eta hiru solairutan dago banatuta. Museoa eraikitzeko 4.061.684 euroko aurrekontua izan da beharrezkoa; Irungo Udalak, beste erakunde batzuen laguntzarekin, finantzatu duelarik.

Oiasso Erromatar Museora hurbiltzen den bisitariak udalerriko eta inguruetako lurzoruetan aurkitutako hainbat pieza izango ditu ikusgai. Bestalde, zenbait erakundek emandako materialak ere bilduta daude museoan. Izan ere, Oiasso Erromatar Inperioko portu-hiri garrantzitsuenetarikoa izan zen. Bestalde, aipagarria da Oiassoren inguruan arkeologoek duten hipotesiaren arabera altxatutako eskalako maketa ere ikusgai dagoela museoan.

Oiasso Erromatar Museoaren kanpoaldea

Oiasso Erromatar Museoa kokatzen den eraikina hainbat solairutan dago banatuta. Beheko solairuan, Oiassoko geografiaren eta Irungo historia arkeologikoaren inguruko informazioa biltzen da. Lehen solairuan, Erromatarren Inpaktuaren Aretoa deritzon gunean, Oiassoko indigenek erromatar munduarekin izandako harremana esplikatzen da. Bigarren solairua, aldiz, bi hegaletan banatuta dago; batean, erromatar portuaren inguruko informazioa biltzen da, eta bestean, Oiassoko hiria eta bertako bizimodua esplikatzen dira. Azkenik, azpimarragarria da eraikinak atzealdean patio bat duela aipatzea, eta bertan, erromatar garaiko termak agerian uzten dituen indusketa arkeologikoa dagoela ikusgai.

Era berean, Irungo Udalak Santa Elenako Museo-Ermita Oiassoko Museoaren proiektu berean integratzeko egitasmoa abiatu du. 1989an zabaldutako museo horretan, nekropoli bateko ondareak eta erromatar garaiko tenplu bat ikus daitezke. Oiasso Erromatar Museoa zabalik egongo da egunero 10:00-14:00 eta 16:00-20:00 bitartean, astelehenetan izan ezik.

Plaza del Ensanche, 5 - 1º. 48009 Bilbao