EISCO 2010: Maiatzak 20-22, Euskalduna Jauregia (Bilbo)
Jarduera aproposak

Donostia, Hiri Jasangarria 2008

 

Donostiako Udalak Hiri Jasangarria 2008 saria lortu du. Forum Ambiental Fundazioak eta Espainiako Probintzien eta Udalerrien Federazioak (FEMP) ematen ditu urtero sari horiek. Aurtengoan Gipuzkoako hiriburuak lortu du golardo nagusia jasangarritasunaren alde egin duen lanarengatik.

Donostiako Udalaren logotipoa

Donostiako Udalak parte-hartzea, jasangarritasuna , aldaketa klimatikoaren aurkako borroka eta ordezko energia-iturrien aldeko ekimenak egiten dituen hiria izan nahi du, eta horregatik, urteak daramatza arlo horiek indartzen. Ekimen eta Plan ugari egin dira, eta Donostia parte-hartzea bultzatzen duen hiria izateagatik nabarmendu da. Besteak beste, herritarren partaidetza bultzatzen da Herritarren Partaidetzarako Plan Zuzendariarekin eta Partaidetzazko Demokraziaren Behatokiarekin.

Garapen Jasangarria bultzatzeko asmoz, Agenda 21 ekimena ezarri da hirian. Aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan ere ekintza ugari egin dira. Donostiako Udalaren helburu garrantzitsuenetako bat etorkizunean "karbonoaren emisio neutroa" duen hiria izatea da.

Bizikletentzako bidea Mugikortasun Jasangarria Udalak garatzen dituen ekimenetako beste puntu garrantzitsu bat da. Donostiak bidegorri edo bizikletentzako bide-sare garrantzitsua, Bizikletaren Behatokia, bizikletan errolda eta oinezkoen eta ibilgailuen zirkulaziorako ordenantza ditu. Eskolako Bidea ere ezarri da. Ekimen horren helburua haurrak eskolara oinez eta bakarrik, horretarako bide seguruak erabiliz, joatea da. Urtero, gainera, Europako Mugikortasun Jasangarriaren astea ospatzen da.

Ordezko energia-iturriei dagokionez, Udalak hiriko 20 eraikin baino gehiagotan panel fotovoltaikoak ezartzeko asmoa du. Kiroldegi, eskola edo kultura-etxeetan jarriko dira panelak. Hondakinen ekoizpena ere kontrolatzen da, eta gehiegizko ekoizpena ekiditeko, prebentzioarekin, berrerabilpenarekin eta birziklapenarekin loturiko ekimenak jarri dira abian. Besteak beste, ondorengo ekintzak burutu ditu Udalak: berriz ere erabili daitezkeen pixoihalak, festetan berriz ere erabili daitezkeen edalontziak, bigarren eskuko produktuen merkatu txikia eta jostailuen trukaketa.

Espainiako Estatuko beste udalerri batzuk ere saritu ditu Forum Ambiental Fundazioak eta Espainiako Probintzien eta Udalerrien Federazioak (FEMP). Ondorengoak dira: Kanaria Handiko Hego-ekialdeko Mankomunitateak Uraren Zikloa saria, Alacanteko Udalak Hondakinen Kudeaketa saria, Madrileko Collado Villalbak Lurraldearen Antolamendua saria, Sevillak Mugikortasun saria eta Jaengo Aldundiak Udalez gaineko Tokiko Erakundeak saria.

Plaza del Ensanche, 5 - 1º. 48009 Bilbao