Jarduera aproposak

Usabal Polikiroldegia: kirol-instalazio berriak herritarren zerbitzura

 

Tolosako Udalak 2002an izandako udalbatza batean erabaki zuen Usabalgo Polikiroldegia eraikitzea. Izan ere, Gipuzkoako Udala udalerriko instalazioen beharren jakitun zen eta eraikin berri hau altxatzea erabaki zuen. Hori horrela, polikiroldegi berriaren lehen harria 2003ko apirilean jarri zuten.

Usabal polikiroldegiaren kanpoaldeko igerilekua

Polikiroldegi tolosarrak 2005eko irailaren 1ean zabaldu zizkion ateak herritarrei. Halere, inaugurazio-ekitaldi ofiziala 2005eko irailaren 24ean izan zen, Carlos Peña igerilari tolosarraren partaidetzarekin. Igerilari gazteak Guiness errekorra lortu zuen 25 metroko igerilekuan 24 ordu jarraian atzeraka igeri egin ostean. Horrela, 48 kilometroko ibilbidea osatu zuen egun hartan igerilariak.

Usabalgo kirol-instalazioak 16.000 metro karratuko azalera okupatzen du. Serdepor/Kirolzer Nafarroako enpresak hartu du bere gain polikiroldegiaren kudeaketa eta dagoeneko 5.100 bazkidetik gora ditu. Benetan datu azpimarragarria, kontuan hartzen badugu lehengo kiroldegi zaharrak 3.000 erabiltzaile inguru zituela eta oraingoak, aldiz, 2.000 gehiago lortu dituela. Horrela, Tolosak egun dituen 18.000 biztanletik %20 instalazioen ohiko erabiltzaile bilakatu da dagoeneko.

Usabal polikiroldegiaren barnealdeko igerilekua

Usabalgo polikiroldegiak ondo hornitutako kirol-instalazioak ditu. Edozein motatako kirolak praktikatzeko gune bereiztuak ditu. Horrela, estalitako instalazioen barruan ondorengo guneak aurki ditzakegu: igerileku girotuak (25 x 20,5 metro eta 18 x 6 metrokoak), gorputz tratamenduko zona, bi sauna, terma, lurrin bainua, hidromasajea, fitness gela ( 375 m2), bi jarduera gela (300 m2-koa bakoitza), paddela, bi squash, frontoi txikia, 18 metroko altuera duen rokodromoa eta 100 m2-ko boulderra, tatamia (500 m2), bi kirol anitzetako pista (1250 m2 eta 1000 m2). Bestalde, kanpoko instalazioetan bi igerileku (25 x 5 metro eta 15 x 4 metrokoak), 1.580 m2-ko berdegunea eta 900 m2-ko terraza zona daude.

Kirol-instalazio berriek harrera oso ona izan dute Tolosako herritarren artean. Izan ere, polikiroldegi hau herritarren beharrei erantzun eta euren zerbitzura egoteko xedearekin eraikia izan da.

Plaza del Ensanche, 5 - 1º. 48009 Bilbao