Eudel hauteskundeak 2011
Jarduera aproposak

Zelaieta Zentroa: topaleku kulturala

 

Zelaieta Zentroak, Zornotzako kultura eta aisialdiaren ezaugarri bilakatu den eraikinak, 2005eko abenduaren 16an zabaldu zituen ateak. Eraikin berriak kultura, kirol, gizarte eta hezkuntza alorretako elementuak bildu ditu gune berean. Horrela, kultura eta aisialdia ulertzeko modu berri bat bilakatu da abiatu berri den zentro kulturala.

Zornotzako Zelaieta Zentroaren aurrealdea

Zornotzako Udala aspaldidanik zen udalerriko instalazio kulturalek zituzten beharren jakitun, eta ondorioz, zenbait ekipamendu berritu eta udalerriko ekimen kulturalak bateratzeko erabakia hartu zuen 1999an. Foroak eta ikerketa teknikoak burutu zituzten egoera ikertzeko xedearekin, eta azkenean, Zelaieta parkean kokatutako frontoiaren eraikinean aisialdi eta kultura zentro berri bai eraikitzea erabaki zuen Udalak. Jorge Mallagaray Durangoko arkitektoak zuzendutako proiektua 2002ko abuztuaren 1ean abiatu zen eta bi urte beranduago amaitu zen, 2004ko abuztuaren 15ean, hain zuzen ere.

135.000 erabiltzaile lehen urtean

Proiektuaren emaitzak harrera ona izan du udalerriko erakundeen eta herritarren artean. Izan ere, Zelaieta Zentroa zabaldutako lehen urtean, 135.000 pertsonek hartu zuten parte bertako ekimenetan. Bost solairuko eraikin honek, modu egokian uztartu ditu iragana eta etorkizuna. Gainera, hainbat erakunde eta udalerritako ordezkariren interesa piztu du lan arkitektoniko txukun bezain dotore honek.

Margolaritza klase baten irudia

Bestalde, Ametx Zornotzako euskara eta kultura zerbitzuak kudeatzen dituen erakunde autonomoak gogor lan egin du diziplina anitzeko instalazioa herritarren zerbitzura jartzeko. Horrela, bertaratzen den erabiltzaileak hainbat ekimenetan parte hartzeko aukera du, eskura baititu frontoia, liburutegia, kontzertu aretoa, entsegu lokalak eta ludoteka bezalako aretoak.

Kultura alorreko erreferentzia

Eragile guzti horiek erreferentzia puntu bilakatu dute Zelaieta Zentroa. Izan ere, aipagarria da Euskalduna Jauregia eta Guggenheim Museoarekin batera aukeratua izan dela 2006ko otsailaren 22 eta 24 bitartean Bilbon izandako Ekimen pribatua eta sektore publikoa kulturaren kudeaketan jardunaldietan parte hartu zuten eragile kulturalen bisita jasotzeko.

Zelaieta Zentroa Euskal Herri guztiarentzako erreferentzia kulturala bilakatu da; euskal udalerrietan aisialdi eta kultura kontzeptuak goitik behera aldatu dituen instalazioa, alegia.

Plaza del Ensanche, 5 - 1º. 48009 Bilbao