
Europako udalerri eta erregioen kontseiluaren 23. biltzar orokorra: Deklarazio politiko bakarra2006ko maiatzaren 12an, Europako Udalerri eta Erregioen Kontseiluaren Biltzar Orokorra amaitzeko, udalerri eta erregioetako 1.200 ordezkarik baino gehiagok deklarazio bat sinatu zuten Innsbrucken.
Deklarazioan, Europako udalerri eta erregioen Biltzar Orokorrak proposatu du etorkizuneko konstituzio europarrean edo itun baliokidean toki autonomiari buruzko Gutun Europarraren erreferentzia sartzeko, Europar Batasuna herritarrei hurbiltzeko asmoz. Era berean, adierazi dute, Konstituzioa berresteko prozesuaren emaitza edozein izanda ere, lurralde kolektibitateentzat eta Batasunaren funtzionamendu demokratikorako testuan jasotako aurrerapenak zaindu eta indartu daitezen.
Halaber, Europako lurralde kolektibitateen ordezkariek adierazi dute toki eta erregio autonomiaren printzipioak eskubidea ematen diola agintari bakoitzari modurik onena aukeratzeko, interes publikoaren izenean, zerbitzu bakoitza eskaini eta finantzatzeko: Zerbitzua emateko eredu bereziak ezarri nahi dizkigun edozein saiakeraren (nazionala zein europarra) aurka gaude. Innsbrucken bildu garen 35 herrialdeetako ordezkari garen alkateak ados izan gara horretan, eta EUDELek Euskadiko udal autonomia defendatu du zerbitzu publikoen antolamenduari begira, adierazi du Euskadiko Udalen Elkartearen elkarteburu Karmelo Sáinz de la Mazak.
Innsbrucken onartutako amaierako deklarazioak Nazio Batuen Garapenerako Milurtekoko Helburuak babesten dituela ere adierazten du. Era berean, adierazten da Garapenerako Milurtekoko Helburuak ezin direla lortu mundu osoko herri eta hirien parte-hartze aktiborik gabe. Halaber, deklarazioak Europar Batasunera, Europako Udalerri eta Erregioen Kontseiluak bazkideak dituen herrialde guztietara eta nazioarteko komunitatera jotzen du, deszentralizazioari eta udalerrien sendotasunari buruz NBEk idatzitako ildo zuzentzaileei eusteko.