ZigoitiaArabako lurralde historikoaren iparraldean dago Zigoitia, Zuia eskualdean, hain zuzen. 17 herrixkek osatzen dute udalerria, eta horietatik Gopegi eta Ondategi dira garrantzitsuenak. Gainera, azken hori da Zigoitiko auzoburua.
Armarridun etxe eta jauretxeen lurraldea, Zigoitiak interes historiko eta edertasun handiko eraikin ugari ditu. Maurga izeneko herritxoan, esaterako, nabarmentzeko moduko zenbait oinetxe daude, Hurtado-Mendozatarren dorretxea (XV. eta XVI. mendeak) eta Berastegitarren jauregia, tartean.
Arkitektura erromanikoa ere ikus daiteke udalerri honetako herrixketan barrena. Zestafen esaterako, arte erromanikoaren bi eraikin adierazgarri aipatu behar ditugu; San Nicolas parrokia eta Gorostizako San Migelen baseliza. Ondategin berriz, San Lorenzo parrokia azpimarratuko dugu. Eraikinak estilo erromanikoa gorde du, baina barruko erretaula nagusia barrokoa da. Gopegin azkenik, merezi du Andre Mariaren eliza ikustea.
Zigoitia eskualdeko bigarren udalerririk handiena dugu azaleran. Lur gehienak gainera, Gorbeiako Parke Naturalean daude. Naturgune paregabea da Gorbeiakoa, paisaiaren eta ekologiaren ikuspuntutik balio handiko ingurua baita. Euskal mendizaletasunaren erreferente dugu Gorbeiako (1.481 m) tontorra. Murua herritik hainbat bide hartuta igo daiteke gailurrera. Horietako batek Zubialde ibaiari jarraitzen dio eta bisitariak paraje ederra topatuko du inguru horretan: Mairuelegorretako kobazuloak. Hainbat galeriek osatzen duten labirintoak 12 kilometroko azalera du eta barruan forma bitxiak aurki ditzakegu.
Horrez gainera, begiratoki paregabea topatuko dugu Oketa (1.031 m) mendian; Zigoitiko eta Arabako Lautadako paisaiak ikusiko ditugu, Urrunagako urtegia eta Urkiolako gaina atzean dituztela.
Halaber, Bengolarra izeneko aisaldigunea ere aipatu behar dugu. Hariztiez eta berdegunez inguratuta, atseden hartzeko leku paregabea da. Zerbitzu asko ditu gainera, igerilekua, mahaiak, barbakoak, frontoia, haurrentzako jolastokia?
Bestalde, Zigoitian urtero antolatzen duten Gorbeialdeko Zaldien Erakusketa nabarmentzekoa da. Azoka horretan, zaldiak, behiak, ardiak eta ahuntzak ikus daitezke eta horrez gainera, zaldi-hezieraren erakustaldiak egiten dituzte.

Hautetsien, udal erakundeen... informazioa lortzeko EUDELen Herritik Herri bilatzailera jo dezakezu