MundakaUrtero milaka suflari erakartzen dituen ezkerreko olatuak egin du ezagun Mundaka. Xarma handiko arrantzaleen herria Mundakako itsasadarraren ezkerreko aldean dago, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bihotzean. Padurek eta 12 kilometroko hareatzek osatzen dute naturgune paregabe hori eta hegazti migratzaile askoren babesleku da.
Hala, leku pribilegiatuan kokatzen da Mundaka eta ondorioz, askok eta askok oporleku bezala aukeratzen dute. Herriko bazter guztietatik antzeman daiteke portuaren kresal usaina. Mundakako txokorik ederrenetakoa da eta inguruotan interes handiko hainbat eraikin topatuko ditugu; udal liburutegia (Done Jakue Bideko ospitalea zena), udaletxe bikaina, Santa Maria parrokia eta Larrinaga jauregia, tartean. Erdigunetik pixka bat aldenduta, merezi du Santa Katalina baseliza bisitatzea. Itsasoaren ondoan, muino batean dago eta handik Urdaibaiko itsasadarraren ikuspegi ederra dugu (Ogoño lurmuturra, Izaro uhartea...).
Bizkaiko kostako herri hau ezkerreko olatuari esker da ezaguna. Mundu guztiko surflari asko joaten dira bertara, kirol hori praktikatzera. Herrian, guztiz errotuta dago da surfa eta hala, urtero, nazioarteko zenbait txapelketa antolatzen dituzte Mundakako uretan.
Bestalde, Mundakak ekainaren bukaeran ospatzen ditu jai nagusiak, San Pedroren omenez. Egitarau oparoa antolatzen dute egunotarako, kontzertu, prozesio eta buruhandiekin, besteak beste. Abuztuaren azken asteburuan ostera, Euskal Jaiak izaten dira, herriko folklorearen erakusgarri. Baina, zalantzarik gabe, herriotako inauteriak, Euskadiko zaharrenetakoak, dira bisitari gehien erakartzen dituzten festak. Aratusteetako igandean, herritarrek Atorren eta Lamien mozorroak janzten dituzte eta kalejiran ibiltzen dira kalean gora, kalean behera, musikaren doinupean.
Hautetsien, udal erakundeen... informazioa lortzeko EUDELen Herritik Herri bilatzailera jo dezakezu