LazkaoGipuzkoa lurralde historikoaren hego-ekialdean dago Lazkao, Goierri eskualdean. Agaunza ibaiaren ertzean eta Aralar mendiaren magalean kokatuta, mendi txikiz inguratuta dago Lazkao, Iramendi, Esparru eta Mugaeta, kasu. Gipuzkoako udalerri honetako jende gehiena hirigunean bizi bada ere, auzo txiki eta baserriak ere jendetsuak dira. Beasain eta Ordizia ditu iparraldean, hegoaldean Idiazabal eta Ataun, eta mendebaldean, azkenik, Olaberria.
Hirigunearen erdian interes artistikoko hainbat eraikin daude; tartean, XVII. mendeko Lazkao Jauregia eta Benediktarren komentua, Maria Lazkaok 1.640an eraikia. Haren aurrealdean, Bernardako Mojen komentua dago, eta honen inguruetan estilo gotikoko San Migel parrokia. Hirigunetik at San Prudentzio baseliza dago.
San Juan Ebanjelari baseliza ere oso ezaguna da Lazkaon. Bestalde, San Juan Ante Portam-Latinam (San Juan Txiki) ermita Lazkaomendi auzoan dago kokatuta, paraje paregabean, izan ere, Txindoki, Ernio, Murumendi, Larraitz, Aizkorri eta Aralar mendien edertasunaz gozatu daiteke bertatik.
Apirileko azken egunetan ospatzen ditu Lazkaok bertako zaindariaren jaiak, San Prudentzio festak. Jaien egitarauak eskaintzen dituen ekitaldi ugarien artean, txirrindularien lehiaketa, haurren danborrada eta San Prudentzio eguneko prozesioa nabarmendu daitezke, hilaren 28an.
Hautetsien, udal erakundeen... informazioa lortzeko EUDELen Herritik Herri bilatzailera jo dezakezu