ZaldibiaGipuzkoako lurralde historikoan dago Zaldibia, Goierri eskualdean eta Txindoki (1.346 m) Aralarreko Parke Naturalaren gailur mitikoaren magalean. Hain zuzen, Zaldibiako ingurune naturalak erakargarri bihurtzen du landa giroko udalerria. Mendi berdeek eta baserriz osatutako auzuneek inguratzen dute eta oinez zein bizikletaz ibilaldi asko egiteko aukera dago horietan.
Hiriguneari dagokionez, bada zer ikusi. Plaza nagusian bertan, udaletxearen eraikin ederra eta XVI. mendeko Santa Fe eliza gotikoa nabarmenduko ditugu. Parrokiak XIII. mendeko baiatarria du barruan. Hirigunea bera kale estu batek zeharkatzen du eta elizaren inguruan antolatzen da. Besteak beste, Albitxu, Kanpandegi eta Karrera Enea etxeak eta Zubiaurre baserria azpimarratuko ditugu.
Erdigunetik kilometro gutxira, Larraitzera bidean topatuko dugu Saturdi baseliza, kanpai-horma duen ermita. Apur bat aurrerago, Larraitzeko larreak (Abaltzisketa) ageri dira eta Txindoki eta beste hainbat menditara igotzeko abiapuntu aproposa dugu. Aisialdirako gune bikaina dago han eta zenbait jatetxe ere topa ditzakegu. Larraitzen bertan egiten dute maiatzaren hasieran Aralarreko larreak irekitzeko festa. Izan ere, ganadu azienda handia dago inguru hartan, batez ere, ardi latxarena.
Horrez gainera, Eneolitiko eta Burdin aroko monumentu megalitiko ugari topatu dituzte Aralarren, Argarbi, Ausokoi I, Ausokoi II eta Matxitxane trikuharriak eta Koa haitzuloan aurkitutako aztarnak, tartean.
Bestalde, Goierriko gastronomia nabarmentzeko modukoa da, eta bereziki Zaldibikoa. Ezagunak dira oso herri honetako mondejuak, ardikiz egindako odolki zuriak. Urriko azken igandean, esaterako, "Ardiki Eguna" ospatzen dute eta mondejuak zein Aralarreko ardi gazta dastatzeko aukera paregabea izango du bertaratzen den orok.
Azkenik, herrigunetik bi kilometrora, Arkakako bidean, mahaiak eta eserlekuak dituen aisialdirako gunea topatuko dugu. Aintzira artifizial baten ondoan dago eta bertan, duela gutxi, arrantza eskola bat zabaldu dute, haurrentzako zuzenduta.
Hautetsien, udal erakundeen... informazioa lortzeko EUDELen Herritik Herri bilatzailera jo dezakezu